Akerraren deia

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko urt. 22a, 11:23

Adarra jo eta eztabaidatu, mundu honetan gauza hoberik ba al da? Nerabezaroa gainditzear nagoen honetan, gero eta errezago petraltzen naizela aitortu beharrean nago. Norbaitek sua pizten badu, ni sutara egurra botatzeko prest. 

Azken bolada honetan herritartasunaz asko eztabaidatzen dut ingurukoekin, batez ere Getaritik bota zuten lagunarekin. Nola erabaki pertsona bat nondarra den. Zer hartu behar da kontutan: non jaio zaren, non bizi zaren, gurasoak nongoak diren, zure sentipena, herritartasun hori dutenen onarpena... Eta beste kontu bat, herri bakar batekoa zara ala izan zintezke herri-askotarikoa?

Ni neu Azpeitian jaio nintzen, Atxuian, geure etxean eta bizi osoa xapoen herrian bizi izan naiz. Beraz, inor gutxik jarriko du zalantzan azpeitiarra naizenik. Baina arimaren barru-barruan beti entzun izan dut akerraren orrua. Orain gutxi arte ulertu ez dudan orrua. Eta uste dut, hasi naizela orruaren arra nola sartuta daukadan ulertzen.

Ni ez naiz azpeitiarra, ni, gutxinez, azpeitiar-errezildarra naiz. Herritartasun bikoitza daukat. Zergaitik? Amaren odoletik garraiatzen da Soldausoko oxigenoa nire gorputz osoan. Jaio eta bizi, Azpeitia maitean, baina nor demontre naizen ulertzeko, errezildarra naizela onartu behar neure buruari. Korapiloa askatuta, askoz ere osoagoa litzateke nire bizitza honako burukomina izango ez banu. Errezildarra izateko errezildartasuna sentitzea nahikoa da ala errezildarren onespena behar dut. Zalantza zalantzaren atzetik. Errezilgo alkatearen zertifikatuaren zain, ea betiko herriak ez didan betiko tasuna kentzen. Eta baten ezezkoa eta bestearen tasun kenketarekin, inongoa ez dena bihurtuko nintzateke. Txarra ez.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide