Azpeitiko Gure Esku Dago-k eskerrak eman dizkie "festako protagonista" guztiei

Uztarria.eus 2015ko urt. 22a, 12:21

Azpeitiko Gure Esku Dago-k eskerrak eman dizkie sansebastianetan erabakitzeko eskubidearen aldeko kanta jotzerakoan "protagonista" izan zirenei. Hala nola, danborjoleei, taldeetako zuzendariei, festa batzordeko kideei, Udal musika bandari eta kantua abestu zuten bost herritarrei.

Azpeitiko Gure Esku Dago-ren aburuz, "erabakitzeko eskubidea norbanako naiz kolektiboek geure izan behar genukeen eskubidea da, eta modu batean edo bestean, gutako bakoitzarena, gu denona, den eskubidea aldarrikatzea ezinbestekoa da; izan festa giroan edo izan eguneroko jardunean".

Hemen Azpeitiko Gure Esku dinamikaren oharra osorik:

"Atabalek eta danborrek Gure Esku Dago-ren abestia entzunarazi ziguten pasa berri den San Sebastian bezperan, Azpeitiko Udal musika bandak eta herriko hainbat abeslariren ahotsek lagunduta. Oilo ipurdia eragin zigun asko eta askori, eta emozioz beteriko momentuak bizi izan genituen.

Erabakitzeko eskubidea norbanakoek nahiz kolektiboek geure izan behar genukeen eskubidea da, eta modu batean edo bestean, gutako bakoitzarena, gu denona, den eskubidea aldarrikatzea ezinbestekoa da; izan festa giroan edo izan eguneroko jardunean. 

Oraingo honetan, festa giroko aldartean egin da. Eta, beraz, festako protagonistei eskerrak eman beharrean gaude: danborjoleei, taldeetako zuzendariei noski, festa batzordeko kideei, Azpeitiko Udal musika bandari eta abestia ahotsekin goxatu ziguten bost abeslariei. Eta, nola ez, bereziki eskertu nahi genuke bandako zuzendari Unai Frantzesena, egin duen ahaleginagatik.

Era berean, Udalean ordezkatuta dauden alderdiei ere mila esker, Gure Esku Dago-ko ordezkariak udaletxera gonbidatzeagatik.

Berriro ere, bidean topo egingo dugulakoan..."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide