Lehen urtea pasata ere, zain egon beharko duzu. Hari begira izanen zara, luzaroan. Bi, hiru, bost urteren buruan ere, ezer ez. Uneren batean, agian, etsita bazterrean utziko duzu. Pazientzia izan duenik bada, horrek, zazpigarren urtean sumatuko du miraria. Derrepentean, sei astetan, 30 metroko altuerara iritsiko da behinhola ernetako aleak!
Guraso garenok umea jaiotzen denetik zain izaten gara haiek irribarre noiz egingo, noiz zutik jarriko, gure esana noiz beteko... Eta gu, porrota deritzogun horren aurrean, aldiro-aldiro errudun bila hasten gara, edota egindako okerren bila. Pazientzia eta irmotasunaren indarraz ahaztuta.
Hezkuntzari, aldiz, maiz eskatzen diogu geure gizartearen ajeak konpon ditzan, makila magikoa dantzan jar dezan. Emaitza akademiko, ustezko-objektibo batzuen arabera ebaluatu ohi dugu sistema, akatsak nabarmenduz: prozesu horretan ere, gakoak, geure partehartzea eta denbora direnaz ohartu gabe. Irakasle askorengan antzeman liteke eredu hori iraultzeko gogoa, borondatea. Reggio Emilia Italiako hiriaren esperientzia aztertu da, berriki, Donostian.
Hizpideak, ugari: umeek zer partehartze dute gure herrietako egunerokoan? Nolako inguruneak behar eta nahiko lituzkete? Zergatik taldekatze zurrunak adinkideekin? Fitxak eta liburuak al dira gure jakintzaren gordeleku nagusi?
Zer hausnartua badago baina edozein eraldaketak, sakonekoa izango bada, komunitate osoaren inplikazioa du giltzarri: herritarrena, eragileena eta udalarena nahiz bestelako instituzioena.
Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.