Eskapo

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2015ko urt. 27a, 14:06

Ez dugu ulertzen. Jakin ere ez dakigu zein den korapiloa askatzeko giltza, baina honek ez du martxarik. Martxa, urtarrilaren 10ekoa. Urterokoa. Nekagarria ere bada.

–Askoz nekagarriagoa barruan daudenentzat! –batek, aldamenetik.

–Eta barruan senideren bat daukagunontzat! –besteak, berak ere albotik.

–Edo laguna! Hemen denok gaude ederki izorratuta! –hirugarrenak, ondotik.

Egoitzek urtebete darama zuloan. Dueñas, Soto del Real, Navalcarnero... Puerto Santa Marian ez dagoenean! Baina han ere badago baten bat. Eta egonda daudenak! Egoitzek urtebete zuloan, diligentzia bat bera ere gabe oraindik. Aurretik, lau urte egin zituen kartzelan. Lau urte, eta, gero, libre, kargurik gabe, azalpenik gabe, kalte-ordainik gabe.

–Dagoela lasai. Ez izan presarik. Urtea ere ez du kartzelan egin oraindik –epaileak esana. Iturritik dakit. Ur garbia dut informazioa. "Urtea ere ez du kartzelan egin oraindik". Erraz esaten da...

Bitartekaritza lanetan omen zebilen. Bitartekaritza bitartean ere ez zuten harrapatu. Leporatu diotena besterik ez da hori. Kargurik gabe libre irtengo da hurrengo batean. Ordu artean, ikasten hasi nahi izan du. Horretarako ere ezinak, ordea. Erraztasunik ez. Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketak egiterik ez. Marketin ikasi nahi zuen. Ez alferrik, Urruneko unibertsitatean ekin behar izan dio, Espainiakoan. Han Marketinik ez, eta Gizarte langintza aukeratu du. Ingelesari ere heldu dio.

–Ekarri ingelesezko liburuak. Nobelak, erraz irakurtzeko gauzak –Egoitzek. Liburuak ere, tantaka. Binaka sartzerik besterik ez dago. Hilean, bi. Bisitaldiko. Zigarroari utzi eta korrikari lotu zaio. Lastrekan dabil kartzelako patioan.

–Zenbat kilometro dira, bada? –bisitariak.

–Horretan ez dago alderik kanpoan nahiz barruan. Hogei kilometro –zulotik.

–Patioan egiten dituzue hogei kilometro?

–Bueltan-bueltan, ehun eta hogei metro egiten ditugu. Denera, 175 buelta egiten ditugula uste dut. Mareatzeko ere!

Geure errua

Eta Egoitz kartzela barruko patioan bueltaka mareatzen ari den bitartean, senideak joan eta etorrian mareatzen. Mareatzen, onenean. Akabatu direnak ere badira. Eta istripua izan dutenak gutxi ere ez. Ez omen da kartzelaren errua. Eta zeinena da, bada? Ez omen da dispertsioaren errua. Eta zeinena da, bada?

–Geurea, bertara joan eta kartzela paretak eraisten ez ditugunona –batek, aldamenetik.

–Geurea, bertara joan eta kartzela, osorik, lurrarekin berdintzen ez dugulako –besteak, berak ere albotik.

–Geurea, San Frantzisko-Kaliforniako dotrina aplikatzen ez dugulako gurean –hirugarrenak, ondotik. San Frantziskoko badian da Alcatraz uharteko kartzela izandakoa. Hari begirako turismo dendetako elastikorik deigarrienak preso baten irudia dakar, 'Alcatraz triathlon' letren azpian. Irudian, presoa, igeri, korrika eta bizikleta.

Nolanahi, eskapo beti.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide