Harpidedunari eta klik bat egiten digunari

Onintza Lete Arrieta 2015ko urt. 27a, 17:55

Aiora, Amaia, Ane, Aritz, Eneritz eta Nerea kazetariak prest daude 2015eko erronkei aurre egiteko. Baita Uxua, Saioa eta Ainhoa ere kudeaketa, diseinu eta publizitate arloetan. Horiexek osatzen dute Hitza-ko lantaldea. %100 emateko prest. Lau eskuko langileak bihurtu gara kazetariok. Egunkarirako, webgunerako, Facebook eta Twitterrerako... idazten. Argazkiak, bideoak eta galderak, guztia aldi berean egiten, eta ondo egiten, harpidedunok etxeko buzoietan eta jarraitzaileok sarean egunero herri, auzo eta eskualdeko informazio osatuena jaso dezazuen.

Horregatik dira garrantzitsuak berrikuntzak, batez ere teknologikoak. Gizartearen erritmora joaten saiatu gara 2004an sortu ginenetik. Geure txikian, 2015a ere horrela hasi dugu, berrikuntzaz beteta. Paperean diseinu berriarekin, logo berrituarekin, eta webgune osatuago batekin, eta .eus domeinuarekin bat eginda. Ez dira urteko aldaketa bakarrak izango. Aplikazioen eta ikus-entzunezkoen arloetan sakontzen jarraitzen baitugu.

Euskarri zahar eta berrietan, herritarren jakinminari modu profesional batean erantzuten saiatzen gara egunero: Zer gertatzen da nire herrian? Zergatik? Zein dira gure herriko protagonista anonimoak? Zein, eragile ezinbestekoak? Zer da albistea, eta zer ez?... Horixe da gure papera informazio jarioa etengabea eta sarritan kontrastatu gabea den garaiotan.

Sendotasunez erantzuten ari gara kazetaritza bizitzen ari den aldaketa sakonei. Geure txikian. Berriz ere azpimarratu egin behar hori. Hamarkada eskas bete dugu. Eta erreferentzialtasunean goraka goaz, aurreraka. Euskarazko komunikazio proiektu gazteena gara eskualdean, eta ilusioz geure bidea egiten ari gara, sinistuta gizarteari hitz batzuk baino zerbait gehiago ematen diogula egunez egun.

Denoi eskerrak eman beharrean gara beste behin: harpidedunoi aurrena, zuek baitzarete gure oinarrizko zutabea; publizitatea jartzeko aukeratzen gaituzuenoi; gure proiektua bultzatzen duzuen udal eta erakundeoi; kultur, kirol eta gizarte eragileoi; sare sozialetako jarraitzaileoi. Denoi esker jarraituko dugu 2015ean Korrika ekimena gure lanarekin bultzatzen; udal hauteskundeak lantzen aurrez eta ondoren; kirol ekitaldi ugariak kontatzen; olatu handien bideoak zuentzako lantzen.

 

(Onintza Lete Arrieta Urola Kostako Hitza-ren zuzendaria da)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide