Umeentzako ipuinak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2015ko urt. 28a, 11:12

Eskolan gure iragana ezagutzeko istorio bat kontatzen ziguten. Euskal Herria ez zen agertzen, Ipar Españaren artzainak eta nekazariak ziren euskaldunak. Gure arbasoen ordez, erregina-errege arrotzak eta heroi konkistatzaileak ziren protagonistak: Don Pelayo, El Cid, Hernán Cortés, Pizarro eta... Gaizkileak ere bazeuden: Almanzor, Boabdil...; ilunak eta fedegabeak, guztiak.

Kristautasunaren izenean sarraski itzelak egin zituzten. Amerikan bertakoak esklabo hartu, eta Europan Al-Andaluseko kultura, kontinenteko finduena eta toleranteena, akabatu zuten. Kristautzen ez ziren judu eta moriskoak kanporatu zituzten.

Emakumeak ere, mari-mutilak ala erdi eroak ziren, bere pasioak kontrolatzeko gai ez zirelako. Isabel eta Fernando Katolikoei buruz "tanto monta, monta tanto Isabel como Fernando" esan ziguten, baina gero, jakin genuen Fernandok burua zuela; Isabelek, aldiz, otoitz egiten zuela beti eta bere jainkoari promesa absurdoak egiten zizkiola: Granada konkistatu arte dutxatu gabe egongo zela.

Marizikin hori hiltzean, Castillaren tronoa Juanari, lehen alabari zegokion. Juanak burua galdu zuen bere senar andrezalea medio. Fernandok, bere aita, Tordesillas dorre-espetxean gorde zuen Castilla kontrolatu bitartean. Gero, Nafarroa konkistatu zuen. España sortua zela zioen istorioak. Francoren garaian, Santillana argitaletxeak hala kontatzen zigun. 

Aurten nire alabak Santillana liburuak baditu, uste nuen edukiak egokituta egongo zirela. Baina ez. Gure istorio zenak gure seme-alabentzat ere balio omen du. Alabaren liburuetan Euskal Herriaren kontzeptu kulturala desagertu da; Errege Katolikoen ezkontzak 'España' krisialditik atera zuela dio (nahiz eta artean España existitu ez); Amerika 'deskubritu' zuten; eta Asturiasen errekonkista hasi zen.

Gaur, atzo bezala, egi bakarra dago eta egi hori gezur hutsa da.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide