Iristen ez den isurketa

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko urt. 29a, 11:15

Oso entzuna ez bada ere, gizonezkoei gertatzen zaie behar bada, denboraldi batez, sarketak egiten ari diren bitartean, ezin isurtzea ezta orgasmoa sentitzea ere. Kitzikadura maila altuan egonda ere eta eszitatua egoteari utzi gabe, ezin askatzea. Zein irtenbide du honek?

Egindako saiakerak

Pentsatuz sarketa dela jokabide kitzikagarriena, horretan zentratzea izaten da saiakera arruntetako bat. Baina orduan eta gehiago saiatu, orduan eta zailago suertatu ohi da modu horretara eiakulatzea. Era berean, askotan espero izaten da, sexu-kideak praktika horrekin orgasmoa izango duela. Gizonezkoak emakume batekin dagoenean, adibidez, espero dute biek, neskak sarketaren bitartez orgasmoa izango duela. Mutil honen eszitazio maila grafiko batean marraztuko bagenu, marra plano bat egingo genuke, entzefalograma planoari gogoraraziko ligukeena. Ez aurrera eta ez atzera.

Eragiten duten faktoreak

Bikote heterosexual batean, adibidez, neskak bere lagunekin ateratzeko plana egin badezake eta ez soilik bere mutil-lagunarekin, egoera erraz dezake. Bai. Baita, neska honek orgasmoak bere kabuz izan baditzake ere. Hau da, neskaren independentziak eragin ohi du egoera honetan, mutilari ardura kentzen baitio. Mutilak, sexu jokabideetan bere burua askatzen badu, lizunkeriak egitera ausartzen bada eta egoistago izaten ikasten badu, zailtasun hau gutxitu egin ohi da. Zergatik? Ez dagoelako bestearen pendiente, norbere plazerean murgilduta baizik. 

Zein da irtenbidea?

Topaketa erotikoen arauak aldatzea beharrezkoa da. Sarketa ez izatea orgasmoak izateko modua. Neskak orgasmoak bizitzen ikastea, bakarka nahiz konpainian, baina bere kabuz. Neskak, mutilarekin ez diren planak egitea, lagunekin, txangoak... Mutilak estimulazio maila desberdinak bereizten iaioa bihurtu behar du, baita ere. Eta neskaren aurrean masturbatu eta eiakulatzeko gai izatea. Basatiagoa izateak ere lagunduko dio. 

Nola egiten da hau guztia?

Neskak orgasmoa bere kabuz izateko, atal honetan apirilean idatzi genuen artikulua. Mutilak, bere aldetik, proba dezake autoerotismoa modu askotara: eskuarekin, lubrifikatzailearekin, arrautz-estimulante batekin (denda erotikoetan salgai), eskularruekin... estimulazio maila desberdinak bereizteko. 

Bikotearen aurrean masturbatzera iritsi aurretik, gela bereko beste alboan, bizkarra emanez eta hura telebista aurikularrekin ikusten dagoela hastea izan daiteke modu bat.

Aipaturiko adibidean, neskak independentzia irabazteko, gobernuz kanpoko erakunde batean laguntza eskaintzea edo elkarte batean parte aktibo hartzea ideia onak dira. 

Eta adibideari jarraituz, gizonezkoa ohean basapiztitzeko, bikotekideek dituzten ideia erromantikoei tarte batean oporrak eman eta muga berri zabalagoak adostea behar-beharrezkoa izan ohi da.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide