Guztientzat lege berdinak

Urola Kostako Hitza 2015ko urt. 30a, 11:26

Maider Aizpurua, Iker Aizpuru, Lander Uria eta Aitzol Agirregomezkorta. (ENERITZ ALBIZU LIZASO)

Egokitutako igeriketako kimuen Espainiako Txapelketatik bi domina ekarri dituzte etxera Iker Aizpuruk eta Lander Uriak. Gaztetxoek gogoan dute entrenatzaileen eta senideen laguntza.

"Uretan denok berdinak gara". Hala dio Aitzol Agirregomezkorta Izarraitz Igeri Elkarteko entrenatzaileak, eta hori bera erakutsi dute Iker Aizpuru eta Lander Uria igerilariek, Valladoliden jokatu berri duten Espainiako Txapelketan. Egokitutako igeriketako kimuekin lehiatu dira azpeitiarrak, eta bi sari ekarri dituzte etxera: Aizpuruk urrezko domina eskuratu du banakako proban; eta taldeka, berriz, zilarrezko saria irabazi dute bien artean, beste zenbait lagunekin osatu duten taldearekin.

Aizpuru eta Uria onenak dira beraienean; izan ere, uraren legeak berberak dira igerilari guztientzat, inork ezin die ihes egin haiei. Agirregomezkortak uste du igeriketak, beste kirol batzuek ez bezala, eskaintzen duela aukera "modu desberdinetako pertsonak nahasteko", eta denei aukera berdina emateko: "Hori ona da guztiontzat. Behar bereziak dituzten pertsonak taldekide bat gehiago dira gure taldean".

Beraz, gainontzekoek bezalaxe entrenatzen dute bi mutilek, egunero-egunero, astelehenetik ostiralera. Eguerdietako taldean ibiltzen da Aizpuru; eta arratsaldekoetan, berriz, Uria. Lehiatzerakoan, ordea, egokitutako igeriketako txapelketetan hartzen dute parte azpeitiarrek. Izan ere, eskumuturrean arazo bat du Aizpuruk, eta adimen urritasuna, Uriak. Lehiaketa batean parte hartzeko Euskal Herritik kanpora irten diren lehen aldia izan da Valladolideko txapelketakoa, eta biek ala biek argi dute "ahaztu ezin den esperientzia" izan dela. "Hara joan ginen eta ikusi genuen gu ez gaudela hain gaizki, behar gehiago dituzten pertsonak ere badirela", nabarmendu du Aizpuruk.

Jarraitzaile ugari izan dituzte Espainiako Txapelketan, eta igerilarien arabera, "erreakzionatu ezinda" gelditu ziren horrenbeste jende eta pankarta ikusita. "Uste genuen gure gurasoen kontua zela pankartena, eta harrituta gelditu ginen Azpeititik gu animatzera taldetxoa joan zelako", azaldu dute gaztetxoek.

Irakurri elkarrizketa osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide