Musika protagonista bihurtzean

Erabiltzailearen aurpegia Ane Soraluze 2015ko ots. 4a, 11:04

Kasualitatez heldu zitzaidan pelikula hau eskuetara. Pertsona batek beste bati gomendatu, harek beste bati, azkenik norbaitek neuri gomendatu zidan arte. Azken urteetako filme musikalik onenetarikoa zela esan zidan baina une hartan ez nion atentzio gehiegirik jarri. Ez da agian gustukoen dudan filmea, edo gehiena hunkitu nauena, baina badu zerbait, denboran zehar behin eta berriz filmeaz eta bereziki musikaz gogorarazten nauena.

Bi pertsonaia nagusiak Irlandako hiriburuan, Dublinen bizi dira. Bata, mutila (Glen Hansard) bertako musikari-xurgagailu konpontzaile bat da; eta bestea, neska, (Markéta Irglová) jaiotzez txekiar errepublikarra, kaleko lore saltzailea. Mutilak aitaren dendan xurgagailuak konpontzen egiten du lan, baina ahal duenean Dublineko kaleetara irteten du bere gitarra zulatuarekin musika jotzera. Egunez kantu ezagunak jotzen ditu honela jende gehiagok erreparatuko ote dion esperoan, baina gauez berak idatzitakoak. Gau batean, lore saltzaile gaztea gerturatzen zaio, bere musikari buruz galdetuz. Honek kasualitatez, bere xurgagailua izorratuta du eta hura konpontzeko aitzakiarekin hurrengo egunean berriz elkartzen dira. Orduan kontatzen dio neskak bera ere musikaria dela, pianojolea. Une horretatik aurrera elkarrekin lanean hasten dira, hainbeste maite duten musika elkarrekin partekatzen eta kantu berriak sortzen, bien artean erlazio berezi bat sortuz.

Proiektu nolabait arraroa izan zen filme honena. Zuzendariak, John Carneyk, musika talde batean jotzen zuen gizonezko protagonistarekin batera. Honi kantu batzuk eskatu zizkion buruan zuen filme baterako baina ez zeukan oraindik argi ez zerri buruz izango zen, ez nortzuk izango ziren aktoreak. Azkenik, nahiz eta aktore bezala ia esperientziarik ez izan Hansard berak hartu zuen protagonista papera, eta bizitza errealean musikaria den Irglovák neskarena. Aurrekontu oso mugatu batekin grabatutako pelikula da, aktore bezala esperientziarik ez duten protagonistekin. Hala ere, musikak hori dena haztu arazten du. Bi protagonistek konposatutako kantuz beteta dago filma, horietako batek 2007ko kantu original onenaren Oskar saria irabazi zuen, pelikulak jaso zituen hainbat sariren artean.

Urtarrileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide