Beste aldera iristean, etxeko lasaitasunean egiten dugun moduan, gelditu eta atzera begiratu zuen non nengoen ikusteko. Ondoren, aurrera jarraitu zuen.
Pena sentitu nuen. Tristura handia.
Askotan entzunda nion koadrilako neskei eta beste lagun batzuei, emakumezkoek beti horrelakoak egiten zituztela, eta herriko zenbait lekutatik pasatzea ekiditen zutela. Baina badirudi arinkerian entzun nituela, ez niela garrantzia handirik eman. Izan ere, aurrekoan, parean tokatu zitzaidanean, konturatu nintzen egoeraz.
Egun hotz eta ilun hauetako batean, goizean goiz, oraindik argitu gabe dagoenean, lanera bidean, errepide azpitik pasatzen den igarobidea pasatzera nindoala emakume batekin egin nuen topo. Emakumea baino neska esango nuke, ez baitzituen 30 urteak pasako. Bera nire aurretik zetorren aldapa jaisten, eta igarobidea noranzko berean pasatu behar genuen. Bera ni baino pare bat metro lehenago sartu zen igarobidean, eta ni bertara sartzerakoan bera dagoeneko igarobidearen beste aldean zegoen. Korrika pasatu zuen.
Beste aldera iristean, etxeko lasaitasunean egiten dugun moduan, gelditu eta atzera begiratu zuen non nengoen ikusteko. Ondoren, aurrera jarraitu zuen.
Pena sentitu nuen. Tristura handia.
Askotan entzunda nion koadrilako neskei eta beste lagun batzuei, emakumezkoek beti horrelakoak egiten zituztela, eta herriko zenbait lekutatik pasatzea ekiditen zutela. Baina badirudi arinkerian entzun nituela, ez niela garrantzia handirik eman. Izan ere, aurrekoan, parean tokatu zitzaidanean, konturatu nintzen egoeraz.
Zerbait gaizki ari gara egiten.
Zenbait arlotan berdintasuna lortu dugula esaten da, normaltasunean bizi garela… baina nola daiteke, ia adin berdineko bi gazte lurrazpiko pasabide batean elkartu eta inolako aitzakiarik gabe, beldurrez, ihes egitea?
Ezin da onartu gure herriko emakumezkoek, emakume izate hutsagatik, herriko txoko guztiez ezin disfrutatu izatea. Edozein unetan, edozein ordutan, edozein modutan… libreki.
Honekin ez dut erakunde publikoen lana kritikatu nahi, uste dut egin dutela lan arlo honetan, baina asko dago egiteko oraindik. Denon lana da.
Izan dira emakumeen aurkako erasoak gure bailaran, baita horien aurkako kontzentrazioak ere. Baina, beste pauso bat eman behar dugu herritar moduan. Ez da nahikoa udaletxe aurrean, arratsalde batean, bost minutuko isilunea egitea eta, ondoren, lasai etxera joatea. Geure buruaren eta ekintzen autokritika egin behar dugu.
Aipatutako egunean gaia buruan bueltaka nuela iritsi nintzen bulegora, eta lankideei kontatu nien bizitakoa. Berehala lankide batek, emakumezkoak, arrazoitu zidan herrien urbanizazioa gizonen ikuspuntutik eginda zegoela, eta horren emaitza zela gertatutakoa. Hau da, askotan, parke bat diseinatzean, adibidez, estetika, gustuak, kostua… izaten direla kontuan, baina aldagaietan ez dela zuzenean txertatzen emakumezkoen ikuspegia. Hau da, askotan ez dela kontuan izaten, ez aurretik behintzat, toki ilunegia izango ote den, irisgarritasun egokia izango ote duen puntu guztietan, puntu beltz bilakatzeko aukera ote duen… Hori, mantso bada ere, aldatzen ari zela adierazi zidan; eta geroz eta zabalduagoa dagoela horrelakoak aurreikuspenetan sartzea.
Berari entzun ondoren, gogoeta egin nuen lantoki inguruko hainbat eraikin, parke eta guneekin, eta arrazoi. Dena den, berritutakoen kasuan horrelakoak kontuan izan zituztela ikusi nuen… horrek apur bat lasaitu ninduen.
(Urola Kostako Hitza-n argitaratua, 2015-02-05)