Telefono enpresen inguruko kexak izan ziren nagusi iaz kontsumitzaileen bulegoan

Uztarria.eus 2015ko ots. 5a, 11:10

Guztira, 201 kexa eta 487 kontsulta egin zituzten azkoitiarrek eta azpeitiarrek iaz KIUBen. Kontsulta kopurua jaitsi egin da 2013koekin alderatuz gero, eta erreklamazioak, berriz, igo. Sindikatu Zaharreko bigarren pisuan dago KIUB. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izaten da zabalik, 10:00etatik 14:00etara.

Iazko, 2014ko, datuak kaleratu ditu Azpeitiko eta Azkoitiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoek (KIUB). Kexa gehienak telefono enpresen ingurukoak izan direla jakinarazi dute. Guztira, 201 kexa eta 487 kontsulta egin zituzten azkoitiarrek eta azpeitiarrek iaz KIUBen, eta 2013ko datuekin alderatuz gero, "37 kontsulta gutxiago eta 30 erreklamazio gehiago" izan zirela adierazi dute bulegoko ordezkariek.

Kontsulta kopurua jaitsiera "bi arlori" dagokiola azaldu dute: "Banku zerbitzuak eta etxebizitza dira kontsulta jaitsieren zergatia. Banku zerbitzuei lotuta 2013an jaso ziren kontsulta kopuruen erdiak jaso ziren iaz. Izan ere, 2013an ez ohiko igoera izan zen arlo horretan. Etxebizitzaren arloan ere gutxitu egin dira kontsultak. Kontuan edukitzekoa da etxebizitzen salmenta asko jaitsi dela azken urteotan, eta kontsultak horri lotutakoak izan ohi direnez, horiek ere gutxitu egin dira. Kontsulta asko etxebizitza berrien bermeari buruzkoak izaten ziren".

Erreklamazioak igotzearen arrazoi nagusia telefono enpresak izan dira. 2013an baino 20 erreklamazio gehiago tramitatu dituzte. Horrez gain, bestelakoen arloan ere zazpi erreklamazio jaso dituztela nabarmendu dute. Hala nola, akademiei edo bestelako zerbitzuei (juridikoa-eta) dagozkien erreklamazioak.

Sindikatu Zaharreko bigarren pisuan dago KIUB. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izaten da zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Ondorengoa da telefonoa: 943 15 71 93.

Hemen, arloz arlo 2014an KIUB-en jaso dituzten kontsulta eta erreklamazio kopuruak:

Komertzioa: 66 kontsulta eta 19 erreklamazio.

Etxebizitza: 38 kontsulta.

Telefonoa: 121 kontsulta eta 118 erreklamazioa.

Elektrizitatea/Gasa: 99 kontsulta eta 46 erreklamazio.

Aseguruak: 35 kontsulta.

Garraioak: 9 kontsulta eta 4 erreklamazio.

Banku zerbitzuak: 31 kontsulta.

Administrazio publikoa: 38 kontsulta.

Laguntza teknikoko zerbitzua: 19 kontsulta eta erreklamazio 1.

Hotelak eta bidaia agentziak: 6 kontsulta eta 6 erreklamazio.

Etxez etxeko zerbitzuak: 7 kontsulta.

Besteak: 26 kontsulta eta 7 erreklamazio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide