VII. Zuzenien igoera bertikalerako izen-ematea urtarrilaren 7an ireki zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak, Kirolprobak.com-en eta mendizaleen webgunean, eta otsailaren 25a arteko epea dute parte hartu nahi dutenek martxoaren 1eko probrarako inskripzioa egiteko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko 125 lagunek eman dute izena -gehienezko kopurua 250ean jarria dute-, eta horien artean daude Iñigo Lariz, Walther Becerra, Javi Dominguez, Mikel Larrañaga, Montserrat Vasquez eta Nerea Amilibia. "Aipagarria da, euskal lasterkariez gain espainiar eta frantses batzuk ere eman dutela izena", diote Lagun Onak MBkoek.
Berrikuntza nagusia izango du aurten Zuzenien igoera bertikalak, ibilbide berria izango baitu. Plazatik abiatuko da igoera, eta Xoxote gainean 500 metroko zeharkalditxoa egin beharko dute kirolariek, amaieran.
Euskal Herriko Lasterketa Bertikalen Txapelketa izango da VII. Zuzenien. Horrenbestez, lehen hiru sailkatuak, gizon zein emakume, euskal selekzioaren partaide izango dira, selekzioak parte hartuko duen bertikalen txapelketetan.