Lagun Onak Mendi Bazkunak gaztetxoentzat asteburuko eski irteera antolatu du otsailaren 21etik 22rako. Lintzako aterpera joango dira, eta iraupen eskia egingo dute bertan. Izen ematea otsailaren 19an bukatuko da, baina plazak mugatuak dira, eta ahalik eta azkarren inskribatzea gomendatu dute bazkunakoek. Izena mendizaleen tabernan edo www.lagunonakmb.org webgunean eman behar da.
Irteeran parte hartzeko 27 euro ordaindu beharko dute bazkide diren gaztetxoek, eta bazkide ez direnek 35 euro. Bazkide diren helduek, berriz, 41 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek 50 euro. Ordainean autobusa, aterpeko egonaldia, zapatuko afaria eta igandeko gosaria nahiz bazkaria sartzen dira. Eskien alokairua eta pistarako txartela 7,5 euro kostatuko dira eguneko.
Otsailaren 21ean, zapatua, 08:00etan aterako da autobusa plazatik. Bazkunak adierazi duenez, honakoa da eraman beharreko materiala: lotarako zakua, elurretako arropa eta larunbat eguerdirako jatekoa.