Xaputarrak bigarren postuan dira Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko ots. 10a, 08:45

Pasa den asteburuan Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketako bi jardunaldi jokatu zituzten Xaputarrek. Lehenengoa larunbatean jokatu zuten, eta bigarrena igandean. Zapatuan Goierri A taldearen aurka jokatu zuten Urretxun, eta bertan izan ziren Patxi Isasmendi, Iñaki Uranga, Aitor Elustondo eta Daniel Veselinov. Isasmendik soilik irabazi ahal izan zuen partida.

Igandean, berriz, duela bi asteburu eguraldiagatik atzeratutako partida jokatu zuten Xaputarrek Goierri B taldearen kontra. Sindikatu Zaharrean izan zen norgehiagoka eta 2.5-1.5 irabazi zuten azpeitiarrek. Aitor Priya, Iñaki Uranga, Eneko Alberdi eta Josu Oiarzabal Xaputarrak taldeko kideek hartu zuten parte jardunaldian, eta Urangak eta Oiarzabalek irabazi ahal izan zituzten neurketak. Priyak, berriz, berdinketa lortu zuen. 

Asteburuan lortutako emaitzak tarteko, txapelketako sailkapeneko bigarren postuan dira Xaputarrak, 14.5 punturekin. Sailkapeneko aurrena Arrasate Arlutz taldea da, 16 punturekin, baina igoera fasera sailkatzeko aukera ugari dituzte azpeitiarrek.

Datorren larunbatean 16:00etan neurtuko dituzte indarrak Arrasate Arlutz taldearen aurka, Sindikatu Zaharrean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide