Larunbatean egin zuten urteko batzarra Azpeitiko Kultur Mahaiko talde eta bazkide norbanakoek. Iaz egindako lanen balorazioa egiteaz gain, aurtengorako erronkak izan zituzten hizpide. Betiko lanei eusteaz gain, erronka nagusi bat zehaztu dute: egonkortasuna lortzea.
Egonkortasuna lortzea xede izanagatik, ez dituzte betiko lanak baztertuko: kultur transminioa eta sormena bultzatzea izango dute egiteko nagusi, eta Udal aurrekontuak ere landuko dituzte (aurten hauteskunde urtea izanik, garrantzia handia izango du alderdiekin egin beharreko lanak). Transmisioan Mutxikoak dantza jauziei eutsiko die Kultur Mahaiak, eta transmisioan, iaz egindako Badator Olentzero gisako ekimen bat aurrera eramaten saiatuko dira, beste formaturen batean, beti ere, taldeen arteko elkarlana sustatzeko. Ekitaldi horren balorazio oso baikorra egin dute.
Bestetik, Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak herriko kultur panoramaren diagnostikoa egin dute aurten, parte hartze prozesu baten ondorioz. Haren ondorioak xehe xehe aztertu, eta aurrera begira jarraitu beharreko bidea zehaztea ere urteko lana izango da.
Zaku bete lan, beraz, 2015erako ere. Gogoa eta indarra ere badituzte, herriko kultur eragile eta norbanakoak protagonista dituen mahaian.