Kadeteetatik hasi eta Espainiako Ligako Hirugarren Mailako taldeetaraino, asteburuan ez dute jokatuko Espainiako Federazioak antolatutako partidarik Azpeitian, Euskadiko Futbol Federazioak deitutako greba dela eta. Federazioaren arabera, afizionatuen aldeko aldarrikapena egiteko hartu dute erabakia. Futbol profesionala eta afizionatua zaku berean sartzen direla salatu dute, eta beharrezkoa dela futbol amateurrarentzat legedia zehatza egitea. Greba deitzeko arrazoi nagusia da Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak futbol taldeetako laguntzaileak kontratuarekin eta gizarte segurantzarekin jarri nahi dituela.
Lagun Onak futbol taldea da jardunaldia etengo duten taldeetako bat, eta Mikel Izurieta lehendakariak adierazi du federazioarekin "guztiz ados" dagoela elkartea: "Uste dugu ekintzak egiten jarraitu behar dugula horrelako egoerei aurre egiteko". Haren arabera, lege horrekin "gastu asko izango dituzte eta ez dute aukeratik izango "izapide horiek guztiak egiteko".
Ikasberri futbol taldeak ez du neurketarik izango asteburuan, hala egokitu zaielako egutegian, baina eguraldia tarteko atzeratutako partida jokatuko dute infantilek.
Grebaren arrazoiak
Laguntzaileen baldintzak. Taldeetako laguntzaileek kontratua izatea eskatzen du Kirol Kontseiluak, baina afizionatu mailako taldeek ezin dute ordaindu.
Kirol apustuetako diruaren banaketa. Apustuetako dirua banatzean, futbol profesionala eta ez profesionala bereizten dira, eta kaltegarria da futbol amateurraren garapenerako.
Telebistako eskubideak. Profesionala ez den futbolak diru gutxi jasotzen du baimenetatik.
Ekitaldiak deuseztatzea. Kiroletako Kontseilu Gorenak Federazioak sustatutako ekitaldiak deuseztatu ohi ditu.