Las diez ultimas diskoa izan da kaleratu duzun azken lana, En el Cafe Central de Madrid zuzenekoa baino lehen. Azken lanak aurkeztuko al dituzu, ala nolako errepertorioa eskainiko duzu?
Kontzertuak ez du azken diskoa izango ardatz. Ez dut aurkezpen kontzertutzat hartzen. Izan ere, urte bat baino gehiago du diskoak, eta beraz, dagoeneko ez da horren berria. Errepertorioari dagokionez, Las diez ultimasdiskoko abesti batzuk eskainiko ditugu, baina aurreko lanetakoak ere joko ditugu. Ez naiz soilik abesti berrietan oinarrituko; bost, hamar edo hogei urte dituzten abestiak abestea ere gogoko dut.
Sanagustin kulturgunean izango zara. Gustuko al dituzu halako aretoak?
Ez dut ezagutzen Sanagustin nolakoa den, baina egia da orokorrean tabernak nahiago ditudala; jendea tragoak hartzen ari den bitartean abestea. Baina, ez zait axola antzokietan aritzea. Jende askok nahiago du bere eserlekua edo leku bat izatea, eta ikuskizun bezala jasotzea saioa. Beste ikuspuntu bat da. Eszenatoki guztietan moldatzen naiz ondo.
35 urteko ibilbidea duzu, eta 15 disko baino gehiago kaleratu dituzu. Nola aldatu da musikaren ikuspegia?
Gauza askotan aldatu da, batez ere musika merkaturatzeko moduan. Kontzertuak, ordea, duela 35 urteko antzekoak dira nire kasuan, jendaurrera atera eta kantatzean baitatza. Kontsumitzeko moduak ere ikaragarri aldatu dira, orain Internetetik entzuten baita asko. Ez dakit nire diskoak salduko diren edo ez, eta aldaketa horietan, nik ez dut inongo eraginik. Hala ere, ni naiz nire kontzertuen erantzule. Orduan sentitzen naiz seguru.