Kafe konpletoa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko ots. 20a, 10:24

Legezkoa bai, baina bidezkoa ote da gizartea hain denbora gutxian hainbeste aldatzea? Pentsatzen hasita, orain dela 30 urteko Azpeitiak ez du gaur egunekoaren antzik. Eta ez naiz ari axaleko kontuez. Alegia, arkitekturaz, politikaz, ekonomiaz edo antzeko kontu txikiez. Funtsezko kontuez ari naiz, herri baten nortasuna agerian uzten duten gaiez.

Asko hitz egin da txikiteroen urritzeaz –noizko herriko iturri bat Manso izenarekin bataiatu?–. Edalontziak ardoak adina garrantzia duen honetan, gutxi, baina oraindik ere badira egunero Tourrak adina etapa-trago egiten dituzten herritar jatorrak. Banaka izendatzea merezi dute, baina hori politikoki zuzena ez denez, gogoan izatearekin konforme. 

Barka ezina dena da gure agintariak ohartu gabe, giza arraza baliotsua desagertu zaigula. Inork ezagutzen al du Twitter-aren aroan kafe konpletoa hartzen duenik? Tabernari gazteei kafe konpletoa eskatu eta zer erantzungo lukete? Haiek bai garaiak! Goizean Mono ala Cadenas trago batean edan, eta lanera; eguerdian, Bordatxon hasi eta Usabiagaraino kotxe ilada osatuz, kafe konpletoa bost minutuan hartu eta lanera.

Orain, berriz, zerealak gosaldu, sagarra patrikan hartu eta lanera. Lanetik irten eta kirola egitera. Nire Senekak dioen bezala, "lantegian lana fin egingo balute, ondoren kirola egiteko gogo gutxi". Gero produktibitateak behera egin duela diote; normala. Osakidetzak berak ere kalte dezente egin duelakoan nago. Ziur nire lagun Don Julian ere iritzi berekoa dela. Pintxo-pote...

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide