Igoera fasera sailkatu dira xake taldeko kideak, Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko ots. 20a, 08:45

Pasa den larunbatean, otsailak 14, Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketako seigarren jardunaldia jokatu zuten Xaputarrak Taldeko kideek etxean, Azpeitian, Arrasateko xake taldearen kontra. 

Jardunaldi horretan Aitor Priyak, Patxi Isasmendik, Iñaki Urangak eta Eneko Alberdik jokatu zuten, eta 2,5-1,5 emaitza lortu zuten txapelketako lehen sailkatuaren aurka. Urangak eta Alberdik irabazi egin zituzten jokatutako partidak, eta Isasmendik berdinketa eskuratu zuen.

Zapatuan lortutako emaitzak tarteko, bigarren postuan jarraitzen dute xaputarrek 17 punturekin. Lehenengo sailkatuak, Arrasate Arlutzek, berriz, 17,5 puntu ditu. Gros I da hirugarren sailkatua, 14,5 punturekin.

Bihar, zapatua, Gros I-en egoitzan jokatuko dute txapelketako azken jardunaldia. Matematikoki igoera faserako sailkatu dira azpeitiarrak, euren "lehenengo helburua lortuz". Taldekoek azaldu dutenez, bigarren helburua jarri dute dagoeneko, "mailaz igotzea": "Bigarren helburu hori lortzea zailago izango dela aurreikusten dugu, baina ez da ezinezkoa". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide