Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak banatutako diploma jaso du Azpeitiko Udalak, Udalsarea 21 udalerrien sareko Tokiko Agenda 21en kalitatea aztertzeko programan parte hartzeagatik. Azpeitiak, beste 40 udalerrirekin batera, bere borondatez hartu du parte tokiko agendaren kalitatea zehazteko analisi batean. Durangon, Euskadiko Udalerri Jasangarrien 2014ko sarien banaketa ekitaldian, banatu ditu diplomak Jaurlaritzak gaur, ostirala; Izaskun Zeziaga Ingurumeneko teknikariak jaso du Azpeitiko Udalari zegokion diploma (argazkian, atzeko ilararen erdian).
Azpeitia partaide den neurketarako, Udalsarea 21ek sortutako ebaluazio-sistema hartu dute kontuan: Tokiko Agenda kalitatea, Tak21. Bost faktore aztertzen ditu Tak21ek Tokiko Agenda 21en kalitate orokorra ebaluatzeko: estrategikoa, zeharkakotasuna, partaidetza publikoa, operatiboa eta jasangarritasun-adierazleak.