Munduan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Agirretxe 2015ko ots. 23a, 08:50

Lehen aldiz lurralde ezezagun batean oinak jarri eta guztiz arrotz sentitu nintzenetik maite dut bidaiatzea. Ezin ukatu, nire pasioetako bat da. Paisaia zoragarriak eta sare sozialetan miresten diren irudiez haratago, munduari begiratu eta bertan bizitzeko moduak ezagutzeak liluratzen nau.

Bidaiatzen dudanetan baina ezin dut saihestu nire baitan halako kontraesan bat sentitzea. Europar zuriaren konplexuak, beharbada? 

Inperialismoaren eta internazionalismoaren artean distantzia handia dago, baina inperialismoaren dimentsioak geroz eta zabalagoak direlakoan nago. 

Globalizazioa medio, mundua geroz eta konektatuago omen dago. Geroz eta muga gutxiago daude eta bidaiatzeko aukera handiagoa da, batzuentzat behintzat. Aldiz, turismo masifikatuak herrialde askoren mundu ikuskerak eraldatu ditu; bidaiariak helburuko herrialdera egokitu ordez, herrialdeak turisten helburu izan daitezen moldatuz. 

Aspalditik ezagunak diren pultseradun hotelak bakarrik ez. Motxilarekin bidaiatzen dabiltzan giri-entzat egindako ostatu bohemioak, herritarren gehiengoak ingelesez ez dakien tokietan ingeles hutsean idatziriko eskaintza kartelak, zurien segurtasunaz arduratzen diren segurtasun indarrak… Turismoak ekar ditzakeen aberastasunak guztiz ukatu gabe, sor ditzakeen menpekotasun eta arrisku guztiez ari naiz. 

Herrialde eta kultura desberdinetan bidaiatzea guztiz aberasgarria da niretzat, munduari begiratzeko betaurreko desberdinak jantzi ahal izan ditudalako, eta betaurreko horiek guztiak nire motxilan garraiatu ahal izan ditut.

Eurozentrismo eta zilborzentrismoak gainditu eta nire txikitasunaren kontzientzia hartzea, txikitasun horretan eroso sentitzeraino. Oinak nonahi kokatuz, emandako pausoek inor ez zapaltzeko, beharrezkoak diren oin markak soilik uzteko.

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide