Bukaera

Erabiltzailearen aurpegia e 2015ko ots. 24a, 13:30

"This is the end, my only friend, the end" kantatzen zuen The Doors taldeak, eta Eskorbutok "ya llegó, ya llegó... el fin, al fin". Itoizek, berriz: "Bukaera da, bukaera aurresentitzen da, arratsalde euritsua kamaleoientzat". Eta iritsi zaigu guri ere bukaera. Gustura egon naiz txoko honetan, disfrutatu dut idazten, baina sufritu ere egin dut idazten. Epeak azkeneko momentura arte luzatu ditut, eta hor ibili naiz, presaka, ezin nahi bezala idatziz. Baina emaitzarik onenak ere azken momentuan idatzitakoek eman dituzte. Eskerrik asko Uztarriakoei.

Gozatu dut testu bat bukatu, irakurri, eta "hau balekoa duk" pentsatu izan dudan bakoitzean. Baita baten batek nik idatzitakoez komentarioren bat egin didanean ere. Idatzitakoa gustatu zaiela esatera etorri direnak opari bat izan dira niretzat, baina opari handiagoa izan dira idatzitakoa ez zaiela gustatu esatera etorri direnak. 

Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi, baita txoko hau irakurri duzuen guztioi ere. Eta horrelakoetan esaten den moduan, ondo esanak ondo hartu, eta gaizki esanak barkatu. Eta arantza bat geratu zait: batzuetan ez dudalako barruak agintzen zidana idazteko adorerik izan. Edo esan nahi nuena nola esan ez asmatzeagatik adierazi gabe geratu delako. 

Arantza hori geratu zait: esateke geratu direnak esan ez izana, adierazi ez izana, asmatu ez izana. Hala ere, gaizki egindakoak onartu eta horretatik ere ikasi beharra dago, eta aurrera begiratu. Hurrengorako (bizitzako beste egoeratarako) ikasiko ahal dugu!

Bukaera da, bukaera. Beste zerbaiten hasiera...

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide