Zinearen indarra eta eragina

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Azkune 2015ko ots. 25a, 08:55

Utzi dezagun argi ez naizela ni zinezale amorratua. Baina beste jende askoren moduan, nik ere gozatzen dut film eder bat ikustean. Zinea beti iruditu izan zait esparru berriak ezagutzeko tresna bikaina. Film batean kontatzen den istorioak harrapatzen banau, normalean istorio horren testuingurua sakonago ezagutzeko gogoa pizten dit. Nire ustez zineak badu jendea gai konkretu batzuetara gehiago gerturatu ala erakartzeko ahalmena.

Aspaldian pozik nago karteleran izan ditugun hainbat pelikulek zientzia hartu baitute ildotzat. Gainera, kritikak eta sariak ikusita, esan daiteke film onak direla. Bada film bat bereziki gustatu zaidana, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, filmak zientzian gaur egun dakiguna fideltasun handiz jarraitzen duelako eta bestetik, gizarteari mezu oso indartsua zabaltzen diolako modu ikusgarrian, hala nola, zientzia eta esplorazioa direla gizakiaren etorkizuna bermatzeko era bakarra. Film hori, Christopher Nolanek zuzenduriko Interstellar da. Bertan lehendabizikoz, zulo beltz bat guk ikusiko genukeen bezala irudikatzen dute, horretarako Einsteinen erlatibitate orokorraren ekuazioak zuzenean erabiliz. Ekuazioak programatu ondoren, potentzia handiko ordenagailu batek 100 ordu behar izan zituen irudiak sortzeko. Emaitza txundigarria da benetan. Filma ikusi baduzue eta niri bezala jakinmina piztu badizue, jakin ezazue bertako zientziaren berri ematen duen liburu bat argitaratu dela: The Science of Interstellar.

Zientzialarien bizitzaz 

Beste film batzuek zientzialari handien bizitzak gerturatu dizkigute. Adibidez Una mente maravillosa filmak John Nash matematikaria zuen protagonistatzat. Aurten antzeko beste bi film atera dituzte: Descrifrando Enigma eta La teoria del todo. Biak ala biak Oscar sarietarako izendatuak. Descifrando Enigma filmak ordenagailuen oinarri matematikoak ezarri zituen pertsonaren bizitza dakarkigu: Alan Turing. Bigarren gerrate mundialean zeresan handia izan zuen Turingek, Naziek zerabilten Enigma makinaren kodigoak askatzeko lan egin baitzuen. Gerra irabazteko gakoetariko bat izan zen. Baina Turingek, merezi zuen aitorpena jaso beharrean, bere buruaz beste egin zuen homosexuala izateagatik kartzelaratu zutelako.

La teoria del todo filmak Stephen Hawking fisikariaren gazteria du ardatz. ELA gaisotasuna nola garatu zuen agertzen da. Gaisotasunak ia guztiz paralizatu duen arren, ekarpen handiak egin dizkio fisikari. Ezagunena, ziurraski, zulo beltzen erradiazioari buruz egin zuena da. 

Film hauei, askotan, hutsegiteak eta hankasartzeak leporatzen zaizkie. Baina kontuan izan behar da filmak fikzioa direla. Hutsegiteak hutsegite, adibide gisa jarri ditugun filmek duten eragina ikusi beharko genuke. Nire ustez horrelako filmek jendea zientziara eta teknologiara gerturatzen dute, eta hori, oso positiboa da. Beraz, Azpeitiako zinemara heltzen direnean, goza dezazuela!

Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide