Lurraldebusen zerbitzu berria zertan den, lineaz linea

Uztarria.eus 2015ko ots. 25a, 16:47

Martxoaren 1etik aurrera hasiko da Lurraldebus Urola Erdian dituen autobus lineetan zerbitzu berritua eskaintzen. Gaur, asteazkena, Zarautzen eman duten prentsaurrekoan zehaztu dituzte, besteak beste, Azpeitiari eragiten dioten zerbitzuek izango dituzten aldaketak eta hobekuntzak.

Hauek dira, lineaz linea, Lurraldebusek zerbitzua hobetzeko hartuko dituen neurriak:

  • UK01 Azkoitia-Donostia: Zerbitzua lehenago hasiko da, goizeko 06:00ak aldera. Ostiraletan azken bidaia bat gehitu da gaueko azken orduan. Larunbatetan 6 bidaia osagarri gehitu dira norabide bakoitzean, eta igandetan beste 3.
  • UK02 Azkoitia-Tolosa: Azkoitia-Azpeitia Tolosarekin lotzen ditu, eta Errezilgo udalerriari eskualdeko herri nagusietara iristeko mugikortasun aukerak hobetzen dizkio. Linea horren bitartez, Errezil eta Azpeitia/Azkoitia arteko zerbitzuak areagotu egiten dira. Igande eta jaiegunetan Azpeitia-Errezil arteko zerbitzu eskaintza izango da aurrerantzean, gaur egun igande eta jaiegunetan ez dagoena.
  • UK03 Azkoitia-Zarautz: Urola Erdiko ardatz nagusiko udalerriak (Azpeitia-Azkoitia-Zestoa) Zarautzekin lotzen ditu. Neguko lanegunetan, bidaia kopurua 6tik 11ra areagotu da. Goizeko lehen orduan maiztasuna areagotu da. Azkoitian ibilbideak eta geralekuak handitu dira.
  • UK04 Beizama-Azpeitia: Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen du egun Udalak Hezkuntza Sailarekin batera ematen duen zerbitzu hau, eta aurreproiektuan integratu da.  Gaur egun norabide bakoitzean 4-5 zerbitzu dituen linea, 8 izatera pasatuko da. Egungo taxi-bus zerbitzua, eskaeraren araberakoa, zerbitzu erregular finkoa izango da. Bidaia batzuetan Beizamako Santa Ageda auzoraino eta Santutxoraino luzatuko da ibilbidea. Larunbat, igande eta jaiegunetan 4 bidaia eskainiko dira. Gaur egun, larunbat, igande eta jaiegunetan ez dago zerbitzurik.
  • UK05 Zestoa-Ermua: Urola Erdiko udalerriak Debabarreneko ardatz nagusiarekin (Elgoibar-Eibar-Ermua) lotzen ditu. Ordutegiak Eibarko tren zerbitzuekin koordinatu dira, baita Eibar eta Ermuako Bizkaibus zerbitzuen ordutegiekin ere. Azpeitia-Ermua linearen egungo ibilbidea aldatu egingo da, Zestoan hasi eta amaituko baita ibilbidea. Lanegunetan, puntako orduetan bidaia zerbitzua areagotuko da. 11-13 zerbitzu izango ditu norabide bakoitzean; gaur egun, 7 daude norabide bakoitzean.
  • UK06 Zumaia-Zumarraga: Urola bailarako udalerriak lotzen ditu GI-631 errepide ardatzaren bidez eta Azpeitiko eta Azkoitiko biztanleei Zumarragako ospitalera joateko aukera ematen die. Lanegunetan, Zumarragako ospitalera doan zerbitzua 60 minutuz behinekoa da bi norabideetan. 11 zerbitzu izatetik 17 zerbitzu izatera pasatuko da. Langileen sarrera-irteera orduekin koordinatuko da zerbitzua. Ostiraletan zerbitzua luzatu egingo da, norabide bakoitzean beste 2 bidaia gehituko dira Azkoitia eta Zumaia artean. Larunbatetan, ordutegia luzatu egingo da, gaueko zerbitzuarekin lotu arte. Azkoitia eta Zestoa artean orduerdiroko maiztasun erregularra izango du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide