Azpeitian euskara erabiltzen dugu egunerokoan, gure herriko eta herritarren hizkuntza dugu. Eremu guztietan ibiltzen da euskara, eta gure esku dago eremu gehiagotan erabiltzea. Udalean ere euskaraz egiten dugu, eguneroko gure lan-tresna dugu gure hizkuntza.
Udalean Udalbatzak euskaraz egiten ditugu, bilerak, batzordeak, eztabaidak, lan bilerak... denak euskaraz, eta aktak ere euskaraz egiten ditugu.
Guretzat euskara ez da borroka-tresna bat, ez dugu euskara exijitzen eta hipokriten gisa gure artean espainolez aritzen. Guretzat euskara benetako hizkuntza bizia eta erabilgarria da, lehen mailakoa. Horregatik, guretzat euskara elkarbizitzarako elementu integratzaile eta ezinbestekoa da, gure gizartea kohesionatu eta batzen duen elementua. Azpeitiko anbulatorioan, adibidez, euskara egitea eskatzen dugunean Azpeitiko elkarbizitzaren aldeko apustua egiteko eskatzen ari gara.
Herritarrei errespetua zor diegu eta espainolez, inglesez, frantsezez, errumaniarrez, txinoz edo arabiarrez eskaerak egiten badizkigute beraien hizkuntza eskubideak errespetatzen ditugu Udalean. Gure hizkuntza errespetatzea eskatzen dugun maila berdinean.
Udalak ez du eskumen propiorik euskararen inguruan. Eta hori arazo sakona da. Euskara babesteko legedia zaharkitua dago gure erkidegoan, 1982. urteko euskararen legea eta gutxienekoak ez dira betetzen, adibidez bertako erakunde guztiok ofiziala den hizkuntza ezagutzea. Euskarak derrigorrez behar du hizkuntza politika sakona eta tinkoa ez baitugu nahiko indar; hizkuntza hegemonikoak ez dute beharrik atzean Estatuak dituztelako.
Gainera, ironikoki, sistematikoki urratzen duten Euskararen Legean oinarriturik batzuek espainolez aritzera behartu nahi gaituzke. Gure idatziak espainolez ere derrigorrez egon behar omen dute (horrela ez dute euskara ezagutu beharrik).
Gobernuaren ordezkari ezagunak Udal euskaldunen kontrako beste eraso baten aurrean gaude (Azpeitiko kasuan zerrenda amaiezina da: bandera, ordenantzak, erabakiak...), eta Azpeitiko Udala ere epai bidean izango da gutxira.
Euskara gehiago babestu behar dugu, eta hori egitea, neurri handian, Eusko Legebiltzarrari dagokio. Euskararen aldeko apustua egiten dugunok euskara benetan ofizial egingo duen Euskararen lege berritua behar dugu.
Horregatik:
1.- Azpeitiko udal gobernuak bat egiten dugu Oztopoen gainetik euskaraz biziko gara lelopean Kontseiluak deituta otsailaren 28an, 17:30ean, Donostiako Gipuzkoa plazatik abiatuko den manifestazioarekin.
2.- Azpeitiko udal gobernuak herritarrak euskararen aldeko manifestazioan parte hartzera deitzea nahi ditu.