I. Ikastola Hezkuntza Jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibak, martxoaren 2tik, astelehenetik, apirilaren 28a bitartean. "Berrikuntza eta hezkuntza" izango dute hizpide hitzaldi-ziklo horretan, eta irekiak izango dira jardunaldiak. Ikastolako ordezkariek azaldu dutenez, "hezkuntza komunitateari zuzendutako gaiak" landuko dira. Ikerketa + Garapena + Berrikuntza = ikastola da jardunaldien leloa.
Lehen hitzaldia astelehenean izango da, 19:00etan, Ikastolako liburutegian. Norenak dira eskolako "etxeko lanak"? da solasaldiaren izenburua, eta Joxe Amiama pedagogo eta eta psikopedagogoa da hizlaria. Ibilbide luzea du Amiamak esparru horretan, eta etxeko lanen inguruan egin du bere doktore tesia. Hitzaldian landuko dute, besteak beste, etxeko lanen funtzioa zein den, gurasoek zer paper duten horretan edota lan horiek beharrezkoak ote diren.
Astelehenekoaren ostean, honako hitzaldiak eskainiko dituzte Ikasberrin:
Martxoaren 6an, 15:00etan, Ikastolako liburutegian: Komunikazio ez bortitza, jarraipeneko tailerra. Pilar de la Torre psikoteraupeuta eta psikopedagogoa izango da hizlaria. Beharrezkoa da hitzaldi horretarako izena ematea, 943-15 12 42 telefonora deituta.
Apirilaren 21ean, 18:30ean, Ikastolako liburutegian: Ikaskidetzaren printzipioak elkarrekin ikasten. Xabier Arregi Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak emango du hitzaldia. Lehen hezkuntzan lanean ari dira hezkidetzako proiektuekin, eta irakas-metodologia berrien inguruan jardungo dute.
Apirilaren 28an, 18:30ean, Sanagustin kulturgunean: Adimen anitzak eta pentsatzen ikastea. Javier Bahonek emango du hitzaldia. Bahon pedagogoa, irakaslea eta coach-a da. Bi eskolatako zuzendaria ere izan da Europan. Hezkuntzako berrikuntzetan aditua da, eta Harvard eta Connecticut-eko unibertsitateetan landu ditu adimen anitzak, ulermenerako irakaskuntza, buruko ohiturak eta arlo horretako gaiak.