Lan hau Rousek argitaratutako seigarren diskoa da. Aipatzekoa da bere lehen LP-a 1998an eta azkena 2013an kaleratu zituela, eta 16 urteko epe horretan 20 lan argitaratzeraino iritsi dela.
Disko hau bere jaiotze urteari egindako omenaldia da. Aldi berean, 70. hamarkada ere omentzen du. Lan horretako doinuek, espero den bezala, ukitu retroa dute. Izan ere, Josh Rouse berak horrela eskatu zion Brad Jones ekoizleari. Estilo aldetik, doinu poperoak gailentzen diren arren, soul estiloak ere badu bere lekua. Orokorrean, oso abesti alaiek, koloretsuek eta rollo ona transmititzen dutenek osatzen dute Rousen lana.
Mimo handiarekin egindako lana da, non haizezko eta harizko instrumentuen moldaketak oso landuta dauden, garai hartako musikarekin gertatzen zen bezalaxe.
Disko horretako nire besti gustukoenen artean, Slaveship aurkitzen da. Horren arrazoi dira bere doinu itsaskorrak nahiz energiaz beteak, eta ez abestiaren letra. Izan ere, eta egia esan, hitz aldetik, xelebre xamarra iruditzen zait eta kantua. Amodiozko abesti bat izan arren, ukitu komikoa ematen dio egileak kantari. Abestiaren erritmoek eta koruek Beatles taldearen abestiak ekartzen dizkit burura.
Beste abesti bat aukeratzekotan, Love Vibration hautatuko nuke. Amodiozko abesti alaia da. Abesti horrek 70. hamarkadako disko doinuak erabiltzen ditu. Letrari dagokionez, oso positiboa da eta kantaren izenburuak dioenaren arabera, bibrazio onez betetako obra da.
Gaur egun, Josh Rouse Alacanten bizi da. Hara joan zen maitasuna medio, bere bikotekide Paz Suay bertakoa baita. Gainera, disko bat ere atera du berarekin batera: She’s spanish, I’m american.
Diskoaren batera, The smooth sounds of Josh Rouse izeneko DVDa ere ikustea gomendatu nahi dizuet. Bertan, disko honetako abesti gehienak agertzen dira, eta merezi du artista hau bere taldearekin ikustea.
Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.