1. MARTXELO OTAMENDI (2013-02-19) Egunkaria-ko zuzendari ohia eta egun, Berria-koa.
Justu hamar urte lehenago ere (2003ko otsailaren 19an) Azpeitian izan zen Martxelo Otamendi, hitzaldi bat eskaintzen, eta ordu gutxira atxilotu egin zuten, Egunkaria-ren kontrako operazioan. Mikel Aiestaranek jarri zizkion gaiak.
Otamendiren bi esan:
- "Hedabideen sektorean bi krisi daude: bata soziologikoa da, eta lehendik antzemanda zegoena. Bestea gero etorri da, estrategian teknologoen eta kudeatzaileon arteko dibortzioarekin. Trantsizio teknologikoa eta gestioa ez dugu elkarrekin egin. Teknologoek sekulako aurrerapena egin dute, eta euskarri tradizionaletan eskaintzen duguna, euren aldetik oso azkar landu dute, formatu berrietan eta beste euskarri batzuetan eskainiz".
- "Unibertsalak diren hiru marra gorri jartzen dira: gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta osasuna. Cuencarako edo Marseillarako balio dezakete, baina guk hizkuntza minorizatu bat dugunez, gureak definitu beharko genituzke: gizarte zerbitzuak, hezkuntza, osasuna eta euskara".
2. JUAN JOSE IBARRETXE (2013-03-12) Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria.
Jaurlaritzako lehendakari postua utzi zuenetik –2009ko maiatza–, Juan Jose Ibarretxek euskaraz emandako lehen elkarrizketa izan zen Azpeitikoa. Oihana Elduaienek egin zion.
Ibarretxeren bi esan:
- "Geure herria, geure hizkuntza, kultura munduko plazan kokatzea da nire lana, baina kasu honetan agenda akademikoan ipiniz. Bizitzan dena da politika egitea, politika egunero egiten dugu".
- "Momentu honetan arazoa ez da independentea ez izatea, dependentea izatea da arazoa. Herri batentzat gauzarik txarrena dependentea izatea da. Europako Batasuna independentziak konpartitzea da, eta nik Europako Batasunean nire subirotasuna konpartitu nahi dut beste herriekin. Nik Europako Batasunaren dependente izan nahi dut, baina beste herriek baino dependentzia handiagoa ez dut izan nahi".
3. BENITO LERTXUNDI (2013-05-21) Kantaria.
"Ez naiz etorri hemen ni ongi gelditzera. Eskamak uztera etorri naiz", esan zuen Benito Lertxundik saioaren hasieran. Pako Aristik jarri zizkion gaiak; lehen ere liburu baterako biak solasean luze arituak ziren.
Lertxundiren bi esan:
- "Ez Dok Hamairu-rekin espiritu bat sortu zen, gure herriaren izanarekin, ideologikoa ere bai. Euskal Herrian, honegatik edo haregatik, ziklo hauek 40 bat urte irauten dutela uste dut. Orduan oso garrantzitsuak ziren hainbat gauzak gaur egun prestigioa galdu egin dute; orduan balore ziren gauza asko gaur egun ez dira hain balore. Esango nuke espiritu hori gastatzen ari dela. Ez Dok Hamairu bat herri honek ezinbestekoa du gaur egun ere, esaten ditugun nahiak eta helburuak baditugu. Nik oraintxe ez dut oso garbi herri honen helburua zein den".
- "Gu erabat pentsamenduan bizi gara eta pentsamendua iragana da. Beti bizi gara iraganean lotuak, amarratuak. Nahigabe geure espetxea sortzen ari gara. Gauzak antzemateko bizitzako baliabideak ditugu. Baina gauzak modu aske batean ikusten jakin behar dugu, bere naturalezan".
Saioko bideorik ez dago kasu honetan, gonbidatuak bideo grabaziorik nahi ez zuelako.
4. MADDALEN IRIARTE (2013-07-09) ETBko kazetaria.
Maddalen Iriartek ETB1eko Azpimarra saioan tertulian izaten du Eider Alkorta, iritzi-emaile. Sanagustineko Aho bizarrik gabe saioan paperak aldatuta izan ziren.
Iriarteren bi esan:
- "Objetibotasunik ez dago kazetaritzan. Emakumeen kontrako biolentzia, esaterako, ez dut ulertzen. Biolentzia guztiak atentzio handiz begiratu beharreko kontuak dira, eta oso larria da zuzenbide estatuak hori ez zaintzea. Bestalde, euskararen eta euskal kulturaren inguruan ere eman izan dut iritzia. Gainera, asaldatu egiten nau euskara modu positiboan diskriminatzen dela entzuteak. Marra gorri horiek, adibidez, ezin direla gainditu uste dut".
- "Egun garrantzia handia dute esaldiek, eta zeinek handiago esango ibiltzen dira. Ikusi besterik ez dago egunero zenbat politikari izaten den komunikabideetan. Baina horren atzean zer dago? Ezer handirik ez. Orain esanen politika egiten da".
5. JOSE MARIA SETIEN (2013-10-15) Donostiako elizbarrutiko gotzain ohia.
Gustura zen Xabier Euzkitze, lehen aldiz izan zuelako Jose Maria Setien elkarrizketatzeko parada.
Setienen bi esan:
- "Gotzain nintzenean uste nuena egiten saiatzen nintzen. Gipuzkoako eta Euskal Herriko arazoak bereziak ziren, eta horretaz hitz egiten nuen. Gotzainak arazo horiez hitz egin behar zuen, nahi ez bazuen ere. Arazo horiek, azken batean, elizaz kanpo ere planteatzen ziren, eta jendeak kezkak zituen. Nitaz esandakoekin ez dut sekula minuturik galdu".
- "Frantzisko I.a aita santuaren hitzak ez daitezela ikusmina sortzeko soilik izan, eta benetako itxaropena ekar dezatela espero dut. Elizak esperantza behar du. Azken batean, ea hitzak eta asmoak errealitate bilakatzen diren, eta nola bilakatzen diren. Dena den, nik uste esperientzia eta indarra badituela aita santu berriak".
6. AMETS ARZALLUS (2014-01-07) Bertsolaria eta kazetaria.
Bertsolaritzako Euskal Herriko Txapelketa Nagusia irabazi eta hiru astera etorri zen Sanagustineko solasaldira Amets Arzallus. Estitxu Elduaienekin aritu zen.
Arzallusen bi esan:
- "Txapela norbere buruan ikustea kostatu egiten da, arraroa da, eta ez naiz gehiegi ere ahalegintzen. Aurretik txapeldun izandakoak ezagutu ditut, eta nik miresmen puntua nien haiei, baina lehen pertsonan bizitzea zaila da. Ibiltzen segitzeko ilusioa daukat, behin gailurrera iritsiz gero jaistea beste aukerarik ez dago-eta".
- "Iparraldean doazenek daramaten hizkuntza eta datozenek dakartena erabat desberdina da. Haienak kantitate eta kalitate handia du. Datorrena oso pobrea da. Etorkizuna ereiteko kasik baratza bakarra ikastolak dira Iparraldean".
7. JESUS EGIGUREN (2014-03-11) PSE-EEko orduko presidentea
Modu berezian hasi zen Jesus Egigurenen solasaldia, Arnaldo Otegi preso eta Sortuko idazkari nagusiak galdera bidali baitzion hari. Enekoitz Esnaolarekin aritu zen solasean PSEko orduko burua.
Egigurenen bi esan:
- [Otegiren galdera: "Jesus, zeinek ez dute nahi bakea? Eta zergatik?"]."Bakea lortzea garestia dela esan ohi da. Jende asko ondo bizi izan da bakerik gabe, eta nahiko ondo joan zaie bizitza. Segurtasun munduan-eta zenbat diru joaten zen, kazetariek ETAz soilik zekiten hitz egiten, eta oraindik horretan jarraitzen dute, ETA zegoenean baino gorroto handiagoarekin askotan", "ETA bukatzea arazoa da estatuarentzat, eta hala gertatu ez balitz, igual, ez zen ustelkeria konturik azalduko".
- "Oraingo Euskadi Bizkaia gizendu bat da. Orain egiten dugu: zenbat eta Euskadi gehiago, Euskal Herri gutxiago. Egun, EAJn ia inork ez du Nafarroa Euskal Herrian imajinatzen. Sabinoren (Arana) teoriarekin ez dago Euskal Herria egiterik. Sortu euforiko dago bozkak jaso dituelako, baina urduri egon behar luke. Euskadin nazionalismotik ez da inoiz ezkerra kontsolidatu".
8. JON SARASUA (2014-05-28) Irakaslea eta idazlea.
Jon Sarasuak iaz ateratako Hiztunpolisa liburua hartu zuen abiapuntu Josu Azpillagak, Sanagustinen harekin solasaldia hasteko.
Sarasuaren bi esan:
- "Euskaldunok gehienetan etxerik gabe egon gara, eta, hala ere, gure hizkuntza eta kultura transmititzen asmatu dugu, sua bizirik mantendu dugu. Etxeari buruzko iritzi desberdinak izanda ere, sua elkarrekin zaindu behar dugu".
- "Ezkerraren gune sendoetan lan egitea egokitu zait, eta horietan zenbat eta gehiago sakondu, diskurtso batzuk agortzen joan zaizkit barruan. Ez dakit ezkerraz hitz egin daitekeen gaur. Ezkerrak liberalismo sozialdemokratikoari kolore gorrixeagoa eman besterik ez dio egiten gaur egun. Hemengo ezkerra eskuina da".
9. EDURNE BROUARD (2014-07-15) Korrikaren arduradun ohia eta AEK-ko irakaslea.
Urteetan Korrika egitasmoko arduradun izan ostean, 2013koa amaitzean kargua utzi zuen Edurne Brouardek. Lekeitioko AEKn euskara irakasten du egun. Haren aita GALek hil zuen. Alex Silvak jarri zizkion gaiak.
Brouarden bi esan:
- "Korrikak badu lotzen zaituen zera magiko bat: lekukoa, denok garela beharrezko esaten baitu; eskuz esku doanean; euskararen lurralde osoan egiten da; eta korrika egiten dela, esanez bezala ez dugula astirik astiro ibiltzeko".
- "Gure aita Santiren hilketaren ikerketa egin behar zuenak oztopoak jarri ditu. Hori da Espainiako justizia. Baina hainbestekoa da 30 urte hauetan herritarrengandik eta gizartetik jaso dugun maitasuna eta babesa, ez dugula faltan bota babes instituzionala".
10. FERMIN MUGURUZA (2014-11-04) Musikaria.
30 urte pasa dira Fermin Muguruzak, Iñigo anaiarekin eta beste lagun batekin, Kortatu taldea osatu zuela. Hura bukatu zen, baina Muguruzak beste talde batzuekin segitu zuen. Eta hor jarraitzen du. Olatz Pratekin aritu zen solasean.
Muguruzaren bi esan:
- "Ni beti sentitu izan naiz oso eroso. Nire ibilbidearen sekretua da egiten dudan guztiarekin gozaten dudala".
- "Gaztaroa garai garrantzitsua izan zen nire militantziaren eta ideien garapenean. Debekatua zegoen ikurrina, eta guk edozein lekutan margotzen genuen. Guretzat euskara oso gauza arrotza zen".
Saioko bideorik ez dago kasu honetan, gonbidatuak bideo grabaziorik nahi ez zuelako.
11. RAMON SAIZARBITORIA (2014-12-16) Idazlea.
Ramon Saizarbitoriak aitortu zuen Hamaika pauso liburua idaztea amaitu zuenean "pisu handia kendu" zuela gainetik. Eleberri hartan, Francoren erregimenak hil zuen Angel Otaegi nuarbetarraren hilketa hartu zuen oinarri. Ramon Etxezarretarekin jardun zuen solasean.
Saizarbitoriaren bi esan:
- "Gauzak aldatu egin dira, eta egia da literaturari baino garrantzia handiagoa ematen zaiola bertsolaritzari, eta hori ez da normala. Ez goaz ondo".
- "Oso ondo bereizi izan ditut literatura eta soziologia, baina garai batean biak uztartzea zaila zen, literaturaren kalterako. Bietan gauza asko egin ditut, baina azkenean literaturak errenditu ninduen. (…) Funtsean, ez dut uste idazle izatea serio hartzen denik. Mundu guztian galdu du itzala idazle izateak".
12. GAIZKA GARITANO (2015-03-10). EIbar futbol taldeko entrenatzailea.
Aurreneko aldiz ari da Eibar futbol taldea Espainiako Lehen Mailan, eta hango entrenatzailea izan zen Sanagustinen, Aho bizarrik gabe zikloko azken saioan: Gaizka Garitano. Ander Ugartek jarri zizkion gaiak.
Garitanoren bi esan:
- "Desgrazia dut erdaraz dakidala eta, beraz, [prentsaurrekoetan-eta] egin egin behar. Horrek euskaldun gisa dauzkadan eskubideak urratu egiten ditu. Euskaraz soilik mintzatzea gustatuko litzaidake, baina ez daukagu behar dugun erraztasunik. Bergaran-eta entrenatzen dugu guk, eta saioaren ondoren ume euskaldunak 'Garitano, ¿me firmas un autógrafo?' galdezka etortzen zaizkit. Asko kezkatzen nauen gaia da".
- "Gaur egun egoera sozialki dagoen bezala, klub bat salbatzeko gizarteak dirua jartzea ez dut ondo ikusten. Futbolak jo behar du etxean egiten dugunera; hau da, zenbat diru daukazun, hainbeste gastatu behar duzu, ez gehiago" .