Herriko ekonomia sustatzeko eta etxebizitzen alokairurako diru-laguntzak emango ditu aurten ere Azpeitiko Udalak. Atzo, asteartea, martxoko ohiko Udalbatzan Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek aho batez onartu zituzten laguntza horien 2015erako oinarriak eta deialdiak.
Horrela, Azpeitian ekonomia sustatzera iazko kopuru bera bideratuko du Udalak, 350.000 euro. Horietatik, 80.000 euro industria proiektu estrategikoak laguntzeko izango dira, beste 80.000 langabezian daudenen formazio ekintzetarako, 35.000 izaera sozialeko proiektuetarako, 40.000 merkataritza eta lehen sektorea laguntzeko eta, azkenik, 115.000 euro industria arloan ekintzailetasuna bultzatzeko Saiolanekin abian den hitzarmenaren barruan kokatuko dira.
Alokairurako diru-laguntzetarako, berriz, 150.000 euroko poltsa onartu dute. Gazteak -18 eta 35 urte artekok- ez ezik, laguntza horiek ematerakoan ezinduak edota banandu eta dibortziatuak ere kontuan hartuko dituztela aurreratu zuen Eneko Etxeberria alkateak, eta eskaerak egiten dituztenen diru-sarrerak ere bai.
Lau mozio
Lau mozio landu zituzten martxoko Udalbatzarrean eta laurak aho batez onartu zituzten. Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren gaineko adierazpen instituzionala izan zen aurrena. "Azpeitiko Udalak azpeitiarrentzat eredu izan nahi du, eta bere jardueran genero ikuspegia txertatzeko konpromisoa hartu nahi du gaurkoan. Urrats sendoa egin nahi dugu, atzeraezina, eta beste hainbat gaitan bezala aintzindari izan nahi dugu gai honetan. Beraz, datozen asteetan konpromisoa hau gauzatu ahal izateko prozesu bat martxan jarriko dugu" dio, besteak beste, aurten onartutako adierazpenak. Eta, bide batez, Bilgune Feministak herriko hainbat eragilerekin datozen egunetarako antolatutako ekimenetan parte hartzeko deia ere luzatu die herritarrei Udalak.
Bigarren mozioa Erregistro Zibilaren kudeaketaren gainean Espainiako Gobernuak onartutako dekretuaren kontrakoa izan zen. Datorren uztailean indarrean sartuko den dekretu horrekin, orain arte epaitegien eta bake epaitegien kargura dagoen Erregistro Zibilaren kudeaketa Merkataritza Erregistratzaileen esku utziko du. Horrek kezka bat baino gehiago sortu du Justizia Administrazioan diharduten langile eta erakundeen artean. Miren Alcedo epaitegietako langileak Udalbatzarrean azaldu zuenez, "Justiziaren merkantilizazioaren lehen urratsa" da Erregistro Zibilaren eskualdaketa, "oso arriskutsua bai erabiltzaileentzat, bai langileentzat", orain arte doan ematen den zerbitzua ordainpekoa izatera pasatu daitekeelako, besteak beste. Udalak onartu duen mozioak aurrez Gasteizko Legebiltzarrean onartutakoarekin bat egiten du, "Eusko Jaurlaritzari Erregistro Zibila kudeatzeko eta betearazteko eskumenak jasotzeko negoziazioak azker ditzan" eskatuz.
Azpeitiko Udala euskara sustatzeko egiten ari den ahaleginaren aldeko mozioa ere, UEMAk aurkeztutakoa, atzoko saioan onartu zuten. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkaria "udalen jardunean gauzatzen ari den esku-hartzeak bete-betean harrapatu" dituela eta, UEMAn dauden udalek, Azpeitikoak kasu, "euskara sustatzeko egiten ari diren ahalegina berretsi" nahi dute mozio honen bidez eta, besteak beste, ahalegin horretan ari diren udalei babesa emateko eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari. Aho batez onartu zuten mozioa, baina EAJko Aitor Gorrotxategik gogora ekarri zion Udal Gobernuari "Udalak euskara sustatzeko duen bere instrumentuan, Euskara Patronatuan, murrizketak egin dituela agintaldi honetan".
Laugarren eta azken mozioarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015. ekitaldian Azpeitirako zituen inbertsioak onartzea eskatu die Azpeitiko Udalak herrialdeko Batzar Nagusiei. Gipuzkoarako 2015eko aurrekontua onartu gabe dago oraindik, oposizioak Bilduren proposamena atzera botata. Horrenbestez, Udalak Diputazioarekin hitzartutako hainbat laguntza eta proiektu "airean" daudela gogoratu zuen Eneko Etxeberriak. Horien artean aipagarriena litzateke Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriarena. Bidegorri hori aurten egitea hitzartua zuten Udalak eta Aldundiak. "Udalaaren ustetan, Batzar Nagusiek aurrekontu bat bideratu beharko lukete azpeitiarrentzat estrategikoa den proiektu honetara. Izan ere, bi herrigune handi lotu eta herritarrentzat babesa eskaintzen duen bidegorri hau funtsezkoa da. Beraz, proiektu hau 2015. urtean egikarituko duen arau foral bat onartzea" eskatzen du, horrenbestez, onartutako mozioak.