Martxoko mutxikoak, igandean, Olazko Amaren plazan

Martxoaren 8an tokatu da, Emakumeen Nazioarteko egunarekin batera, mutxikoak dantza jauziak egiteko saioa. Eguraldi ona iragarrita dagoenez, kanpoan egingo ditugu, aspaldiko partez. Herriko plazan ezin, eta Olazko Amaren plazan egingo ditugu, 12:00etatik 13:30ak aldera. Gerturatu ikustera eta dantzara!

Urritik maiatzera bitartean, hilero egiten ditugu Mutxikoak dantza jauziak, bigarren igandean —otsailean ez genituen egin, Azpeitiko Bandaren kontzertua zegoelako—. Lapurdin egiten dira batik bat, baina Gipuzkoako hainbat herritan ere abiatu genuen bidea iaz; haien artean Azpeitian. Aurten bideari jarraitzeko asmoa dugu, eta horretan ari gara. Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberriko dantza eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean, antolatzen ditugu saioak, eta herritar guztientzat irekita daude.

Dantzara gero eta jende gehiago gerturatzea nahi genuke. Arituz ikastea, eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa plazan bertan ematea. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide