UEMAk euskara sustatzeko neurriak babesteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Uztarria.eus 2015ko mar. 6a, 12:11

Ezkerretik eskuinera, Mikel Ansotegi Aulestiko alkatea, Maren Belastegi UEMAko lehendakaria eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea. (UEMA)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikarekin bildu ziren UEMAko lehendakari Maren Belastegi, Aulestiko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide Mikel Ansotegi eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria. Hala nola, Carlos Urkijok euskara sustatzeagatik hainbat udalen kontra jarritako helegiteak-eta izan zituzten hizpide bilkuran.

Atzo, osteguna, bilera egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), azken horrek eskatuta. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikarekin bildu ziren UEMAko lehendakari Maren Belastegi, Aulestiko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kide Mikel Ansotegi eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria. Besteak beste, euskara sustatzeagatik hainbat udalen kontra Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok jarritako helegiteak izan zituzten hizpide bilkuran.

Mankomunitateko udalen eskaera ofizialak eman zizkion Bastarrikari, eta "udalerri euskaldunek dituzten beharrei erantzun positiboa emateko eta elkarlanean aritzeko borondatea agertu" du UEMAk. Hiru eskaera egin zizkioten bileran Baztarrikari. Hala nola, aktak euskaraz bidaltzeagatik helegiteak jaso dituzte udalei babes osoa eskaintzea eta Jaurlaritzak abiatu duen udal lege proiektua baliatuz, udalei euskaraz aritzeko baliabideak eta babes juridikoa eskaintzea galdegin diote Hizkuntz Politikarako sailburuordeari. Horrez gain, UEMAk egindako udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaren eta sozioekonomikoaren azterketak utzitako datu kezkagarrien berri eman zion UEMAk Jaurlaritzari: "Euskararen arnasguneei dagokien garrantzia eman eta arnasgune horiek indartu nahiz zabaltzea lortzeko politikak abian jartzeko lan mahaia osatzeko proposamena egin diogu", azaldu dute UEMAko ordezkariek.

UEMAk azaldu duenez, bi erakundeen arteko bilera "modu adeitsuan" egin zen, eta balorazioa "positiboa" da. "Jaurlaritzako ordezkariek erakutsitako jarrera baikorraren ondotik, epe motzean, udalak babesteko urrats berriak espero ditugu. Ulertzen dugu hizkuntza politikaren eskumen nagusia Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela eta badagokiola udalak jasaten ari diren jazarpenaren aurrean inplikatzea. Izan ere, egoera larria bizi dute Urkijok susmopean jarri dituen udalek. Espainiako Gobernuaren ordezkaria hainbat udal euskara suatatzeko egiten ari diren lana baldintzatzen ari da", esan dute. Horregatik guztiagatik, "urrats sendoak eta eraginkorrak" eskatu ditu UEMAk.

UEMAk uste du, "denok batera joko bagenu, nahikoa indar izango genukeela oztopo horiei eta etor daitezkenei aurre egiteko". Horregatik, euskararen arnasguneak "indartu eta zabaltzeko" ahaleginean, "elkarlanerako" deia egin dute. "Bide horretan eskertu nahi dugu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eskaini digun babesa eta, bereziki, oztopoen gainetik euskaraz biziko garela aldarrikatu duten milaka herritarren bultzada", gaineratu dute UEMAko ordezkariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide