Bizkaiko dantzak taularatuko ditu Itsasik igandean

Azken urteetan urteroko zita bihutzen ari da Itsasi taldeak Sanagustin Kulturgunean egiten duen dantza saioa. Urte osoko prestaketaren ostean herritarren aurrean beren lana erakusteko duten aukeretako bat izaten da. Igandean izango da aurtengo emanaldia, 19:00etan. Bizkaia maite goiburupean lurralde horretako dantzak eskainiko dituzte, batik bat; eta bigarren zatian taldeak sortutako koreografia berriak ere taularatuko dituzte.

Ordubete inguruko emanaldia prestatu dute Itsasi taldekoek, eta denbora horretan 14 dantzari ikusiko ditugu taula gainean. Bi zati izango ditu ikuskizunak: Bizkaiko dantzekin osatutakoa, aurrena; eta bigarren zatia "azken urteetako ildo beretik jarraituz" taldeak sortutako koreografiekin osatuko dute, beti ere euskal dantza tradizionaletik jasotako pauso eta dantzetan oinarrituta.

Iaz Zuberoako dantzak taularatu zituzten, eta aurten Bizkaikoen alde egin dute. Eta badute horretarako arrazoirik: "Azkenaldian ez genituen Bizkaiko dantzak taularatu". Hala, emanaldia prestatzen hasi ziren. Eta hori ez da bi eguneko lana; urte osoan aritzen dira. Hala diote taldeko kideek: "Urtean zehar joaten gara dantzak ensaiatzen eta ideia desberdinak proposatzen. Pixkanaka, koreografia berriak asmatzen eta eraldatzen joaten gara, azken emaitza izan arte".

Diotenez, ez da erraza izaten emanaldi bati forma ematea: "Gauza asko eduki behar izaten dira kontutan:arropak, dantzariak, arropa aldaketak, musika… guztia ongi lotuta gera dadin. Eta dantzak ere prestatu behar dira. Horretarako, astean bi entsegu egunekin hasten gara, eta beharraren arabera gehitzen ditugu horiek ere.

Taldean sartzeko ateak irekita

Taldea osatzen dutenekin moldatu dute aurtengo emanaldia, baina, datorren urtean gustatuko litzaieke jende berria ere taula gainean izatea. Horretarako, dantzarako gogoarekin dagoen orori taldera gehitzeko deia egin diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide