Astelehenean, martxoaren 16an, bukatuko da 19. Korrikaren kilometroak erosteko epea. Izan ere, asteartean egingo du Azpeitiko Korrika Batzordeak ibilbideko kilometroen zozketa. Oraindik ez baduzue zuen zatia erosi, horretarako aukera duzue natul.euskeraz@gmail.com helbidera mezua bidalita edota 661 10 44 46 telefonora deituta.
Bestalde, herritar, talde eta eragile guztiak gonbidatu dituzte asteartean, hilaren 17an, 19:00etan Sindikatu Zaharrean egingo den zozketara. "Dagoeneko kilometroa erosita duten zenbait taldek eskatu dute herriaren erdigunean nahi dutela eraman lekukoa, eta hori koordinatu behar da", azaldu dute batzordekoek. "Beraz, zozketara etortzen diren taldeek lehentasuna izango dute beraien gunea aukeratzeko, eta bertan eztabaidatuko dute nola molda daitezkeen", gaineratu dute. Gainontzekoen hitza ere kontuan hartuko dute Batzordekoek, baina bilerara joaten direnek izango dute lehentasuna. Gainontzekoen artean zozketa egingo da, beti legez.
Martxoaren 22an, igandea, bi aldiz pasako da Korrika Azpeititik. Lehenengo Zestoatik etorriko da eta Azpeititik 19:30ak aldean igaro ondoren, Azkoitira joango da. Handik berriz Azpeitira itzuli, eta ibilbideari jarraituz, Errezilera abiatuko da 19. Korrika.
Osteguna da bazkarirako txartela erosteko azken eguna
Horrez gain, gogoratu dute salgai daudela Martxoaren 22an egingo den Korrikako bertso-triki bazkariko sarrerak, datorren osteguna bitartean. Sanagustin kulturgunean eros daitezke, martxoaren 19a arte. Agin Laburu eta Nerea Elustondo izango ditugu aurrez aurre Sanagustinen, trikitilariekin. Plaza mugatua da, eta dagoeneko ari dira txartelak saltzen.