Hautsa eta hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko mar. 18a, 11:15

Uztarria aldizkariaren azken zenbakia hartu eta azterketa analitikoa eginda, konturatu naiz, aldizkaria gure herriarentzat lujo bat izateaz aparte, kolaboratzaileen artean adintsuenetakoa neu izango naizela. Eta ia beste kontu guztiek bezala, horrek ere zer pentsatua eman dit. Datu hotz eta zorrotzek zahartzarora arrimatzen ari naizela erakusten duten bitartean, inoiz baino hobeto sentitzen naiz, eta hobetze margen handiarekin. Txikitan iluntasunak eta heriotzak hotzikara sortzen zidaten.

Handitan, iluntasunarena gainditu dut eta heriotzarenareki borrokan nabil. Lehen, hildakoan, betirako hauts izatera pasatzeak beldurtzen ninduen. Orain ez dakit hauts etengabeak ala betirako zeruak, zerk beldurtzen nauen. Eta berraragiztatzearenak tentatzen nau, asko gainera. Betirako, baina etengabeko zoriontasun perfektuaren, ordez, abentura batetik bestera. Gaur suge, bihar markes eta etzi putre. Ederra plana. 

Adin batetik aurrera, lehen, urteak gehitzea arazo bihur zitekeen. Orain arazorik ez. Egindakoak hor daude eta egiteke dauzkagunak etorriko dira. Egunero, zoriontsu izateko beste aukera bat. Urteek gaztetu egiten dute. Baietz, egia da. Urteek jakituria ematen dizute, jakituriak askatasuna eta askatasunak, beti, gazte sentiarazten zaitu. Arima beti gazte. Arimaren gainekoa da pipiak jo eta zahartzen dena. Kepa, gure erretore jatorra, ez da nirekin bat etorriko, baina San Pedrori zeruaren ordez berraragiztatzea eskatuko diot. Atzo uso, bihar otso eta orain gizon, edo antzeko zerbait. Eta barrua, arima gazte, beti ikusteko eta ikasteko prest. Iragana ederra izan zen eta etorkizunak hobea izateko aukera du. Hori ere, gure esku.

Eta... hautsarena hutsa?

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide