Elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2015ko mar. 23a, 09:14

Gaixo kroniko guztiek bezala, nire alabak badaki zer garrantzia duen ospitaleak eta medikuak eskura izateak.Txikitatik kolikoak pairatu ditu eta lehen munduko patioan jaiotzearren, sendatu dela esan daiteke. Beste herrialde txiroago batean tratamendurik gabe bere bizitza oso bestelakoa izango zen.

Horrexegatik, duela hiru urte, 'Mugarik gabeko medikuak' elkartearen bazkidea izatea deliberatu zuen. 12 urte zeuzkan eta mundu hobe bat egin nahi zuen. Ilusio handiz hartu zuen erabakia eta bere izenean bidaltzen zioten lehen aldizkaria.

Laguntza emateko BBKn zuen kontuan helbideratu zuen, hilean 5 euroko ordainketa. Baina BBK Kutxabank bihurtu zen eta eskutitz bat bidali zidaten alaba titularra bazen ere. Gutunak zioen alabaren kontua 'Plan Gaztedi'-n sartuta zegoela eta "adingabeei zuzendutako plan horren helburua dela kapitala pilatzen joatea, aldian aldiko eta aparteko ekarpenak eginez, titularrak 18 urte bete arte". Horregatik, jakinarazi ziguten martxoaren 1etik aurrera ezingo dela ordainagiririk kargatu alabaren kontuan. 

Hamaika ikasgai konpartitu nahi dugu alabarekin: pertsona solidarioa izatea, gizaki guztiok merezi dugula bizitza duina izatea, baina kapitala pilatzen ez diogu inoiz irakatsi, ez da gure lehentasuna, ez gure estiloa. 

Gazteak dirua pilatzeko zigortuta dauden bitartean, Kutxabankek bere elkartasuna ematen zion Mikel Cabiecesi. Hainbat alderdiren adostasunak Kutxabank erabili zuen Portugaleteko espekulazioaren errege ohiari hilero ordainketa egiteko. Alkate moduan pairatu genuenok bagenekien kontratistekin harremanak zituela eta herria utzi zuela izorratuta eta zorrez beteta. Uste genuen hori zela bere ondare osoa, ez genekien, gainera, terrorismoaren kontrako gudaria zenik. Halako pertsonak Kutxabanken ustez bai merezi zuela hilean 6.000 euro kobratzea.

Bitartean alabak ezin dizkio 5 euro eman Mugarik gabeko medikuak elkarteari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide