Aldibereko harremanak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Sancho Esnaola 2015ko mar. 30a, 09:41

Sexukide bakar bat baino gehiagorekin harremana izateak, atsegin handia eman dezake, pertsona bakoitzak zerbait desberdina eskaini ahal digulako eta gure alderdi anitzek kide bakoitzarekin espresio gunea aurkitu dezaketelako. Baina bikote harreman itxi bat baldin badaukagu, sexukide anitz izateak, edo aldibereko harreman bat, kezka handia sor dezake.

Eman dezagun honako egoera: zure bikotekideak gustuko duen pertsonaia ospetsu batekin egin du topo igogailuan eta bertan larrua jotzeko aukera du behin bakarrik, eta ez du berriro inoiz ikusiko. Ondo irudituko al litzaizuke topaketa erotiko hori gertatzea? Galdera horrek erantzun asko ditu, baina ez da arraroa horrelako zerbait entzutea: "Nire bikotea horrek zoriontsu egiten badu, niri ez dit kalterik egingo, berriro ez baita agertuko". Bikote harremanari elkarrekikotasunduna izatea, berezia izatea eta indartsua izatea eskatu ohi zaio. Horrek, segurtasuna ematen du. Segurtasun hori galtzen denean, sortzen dira kezkak, maiz. 

Harremanak aitortzea

Sexologiako profesional bakoitzak bere iritzia izan dezake, baina, orokorrean, esan dezakegu, esklusibotasun erotikoa duten bikoteei ez zaiela bereziki aholkatzen, aldibereko beste harreman bat izaterakoan, aitortzea. Badira, bikotekideari abentura hori kontatzen diotenak, edo harrapatuta aitortu behar izaten dutenak. Kasu horietan, elkarrekin eta bikote bezala jarraitu nahi dutela erabakiz gero, kanpoko laguntza profesionala behar izatea, ez da batere arraroa izaten, eta bizitakoa atzean uzteko laguntza behar izaten dute. Horretarako, zorrak kitatzea, erreparatzea, pasatze erritua egitea... oso lagungarriak izan ohi dira. 

Badira ohiko bikoteaz gain, maitalea duten pertsonak ere, eta harekin harremana eten nahi izan arren, lortzen ez dutenak. Kasu horretan, sarritan mozteko egiten diren saiakerak izaten dira aldi berean sua pizten dutenak, harremana are eta pasionalago bihurtuz. Hortaz, benetan maitalearekin harremana eten nahi bada, kontrako neurriak edo oso desberdinak hartzen hasi behar izaten da. 

Desleialtasunetan eta engainuetan bestearen iritziak eragin handia izan dezake. "Adarrak jartzen ari zaizu, moztu egin behar duzu berarekin", entzutean, agian arrazionalki zentzuzkoa dirudi, baina ez zaitu konbentzitzen. "Maitalea utzi eta kitto", esaten badizu lagun batek, errudun eta inozo sentiarazi zaitzake. "Prostitutekin egitea ez da engainatzea", entzunda behar bada ez zaitu konbentzitzen.

Kasu horietan eta beste hainbatetan, ez ulertuak izan eta bakarrik senti gaitezke, bizitza bikoitza daramagula edota barne haustura baten bizipen desatsegin batekin batera. Denbora hartu behar da eta besteen iritzietatik aldendu, norbere barrenari zentzua emateko. Eta, jasangarriak ez diren egoeren aurrean, ohikoak ez diren irtenbide berritzaileekin saiatzea ezinbestekoa izan ohi da.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide