Harrera gida prestatu du Udalak, herrira datozen pertsonei informazioa eskaintzeko

Uztarria.eus 2015eko apirilaren 1a

Edurne Zubia Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikaria, Eneko Etxeberria alkatea eta Leire Etxaniz gizarte zerbitzuetako zinegotzia.

Batez ere, "Azpeitian erroldatzen diren pertsonei zuzendutako" gida dela azaldu dute udal ordezkariek. Liburuxkan gehienbat udal zerbitzuak jaso dituzte, "datozenei haien gaineko informazioa emateko", eta bost hizkuntzatan izango da eskuragarri. Udaletxeko harreran banatuko dute gida eta Azpeitia.eus webgunean ere jarriko dute aurki.

Azpeitiko Udalak Harrera gida aurkeztu du, "Azpeitian erroldatzen diren pertsonei zuzenduta". Eneko Etxeberria alkateak adierazi duenez, "Gizarte Zerbitzuen saileko protokoloarekin dago lotuta gida. Izan ere, herri eta herrialde desberdinetatik Azpeitira iristen direnek ez dute jakiten Azpeitia zer den". Horrenbestez, herrira iristen den eta Azpeitian erroldatzen diren pertsona orori emango diote liburuxka, herriaren berri izan dezan. "Joan-etorrian ibiltzen da jendea, aldaketak izaten dira, eta herritar berri horiekin jarrera positiboa izan behar dugu", azaldu du Etxeberriak.

Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikariak esan duenez, "ikerketa egin zenean ikusi genuen herrira etortzen zirenek ez zutela jakiten nora jo osasun edo hezkuntza zerbitzuak behar bazituzten, esaterako. Horrez gain, integrazioaz hitz egiten dugu askotan, eta garrantzitsua da azpeitiar berriek herriko ohiturak-eta ezagutzea".

Leire Etxaniz Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak jakinarazi du, liburuxkan gehienbat udal zerbitzuak jaso dituztela, "datozenei haien gaineko informazioa emateko". Bertan, besteak beste, Azpeitiaren historia, euskararen gaineko azalpenak eta zerbitzuen inguruko informazioa, hezkuntza aukerak, kultura eta festa arloen inguruko azalpenak, jarduera fisikoari eta kirolari lotutako eskaintzak, gazte eta haurrei zuzendutako zerbitzuak, osasun zerbitzuak eta elkarteen informazioa jaso dute.

Liburuxkak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzari esker kaleratu dituzte, eta Euskaltzaleen Topagunea arduratu da egiteaz. Bost hizkuntzatan kaleratu dituzte liburuxka horiek: euskaraz, gazteleraz, ingelesez, kurdueraz eta arabiarrez. Aurki jarriko dute liburuxka Azpeitia.eus webgunean, eta herritar guztiek Udaleko harreran eskuratu dezakeela jakinarazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide