Urduritasuna eta emozioa osagai nagusiak izan dira Sammic ISBren azken partidetan, baina igandekoan hirugarren bat gehitu zitzaion errezetari: euforia. Horrelaxe sentitu zen Iraurgiko taldearen partida ikusi zuen oro, gaur, igandean, Azpeitiko kiroldegian. Iker Buenok eta Xabi Chicok zuzentzen duten taldeak azken asteetako jokorik onena egin eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuen. Lehen minututik markagailuan aurretik jarri zen etxeko taldea eta ez zion utzi Viten Getaferi aurrea hartzen. Azkenean, 75 eta 66 irabazten amaitu zuen Sammic ISBk. Neurketa hori irabazita, jaitsiera postuetatik irten da ISBko taldea, denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi falta direnean.
Sammic ISBk seriotasun osoz hartu zuen partida lehen minututik. Gogor defendituz eta korrika eginez, bere joko erritmoa jarri zuen Azpeitiko kiroldegian eta, horrela, lehen abantailak lortu zituen: 9 eta 0. Etxeko taldeak erraz aurkitu zuen saskirako bidea eta barruko jokoari baloiak emanez desorekak sortu zituen. Horrez gain, erasoko errebotea ondo kargatu zuten Iraurgiko jokalariek eta bigarren aukerak izan zituzten. Gauzak horrela, kanpoko taldeari kostatu egin zitzaion saskiratzeak lortzea, eta Mayerrek azken segundoan lortu zuen saskiratze bati esker 27 eta 16 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdena antzeko ildotik hasi zen. Iraurgiko taldeak defentsa ona eginez jarraitu zuen eta lasterka egiteko helburuarekin irten zen kantxara. Oraingoan, ordea, kanpoko taldeak gehiago asmatu zuen kanpoko jaurtiketetan eta gehiago saskiratu zuen. Sammic ISBk taldeko joko ona egin eta saskiratze politak lortu zituen, baina Viten Getafeko mutilek bi hiruko sartu zituzten eta markagailua estutu zuten: 37 eta 35, 3 minutu faltan. Iker Buenoren mutilek, ordea, martxa bat gehiago sartu eta berriro kontraerasoak lortu zituzten. Horrela, atsedenaldira sei puntuko abantailarekin joan ziren Iraurgiko mutilak: 45 eta 39.
Aldageletatik bueltan, bi taldeek defentsari eman zioten garrantzia. Kanpoko taldeak asko igo zituen defentsako lehen lerroak, eta atzeko jokoa gailendu zen norgehiagokan. Lehen hiru minutuetan bina puntu bakarrik eskuratu zituzten bi taldeek. Momentu horretan partida guztiz zoratu zen, kanpoko taldeak baloi ugari lapurtu zituen, baina gero ez zen gai izan kontraerasoak saskiratuz amaitzeko, eta etxeko taldeak ez zuen partida lasaitu. Hala ere, talde lan onarekin jarraitu zuen Sammic ISBk eta 50 eta 41 ihes egin zuen, lau minuturen faltan. Hutsarte baten ostean, baina, bi taldeak zonakako defentsan jarri ziren, eta Iraurgiko taldea itota gelditu zen. Hori aprobetxatu zuen talde madrildarrak eta, 0 eta 5eko partziala eginda, berriro gerturatu zen markagailuan. Azken minutuetan, berriro, 4 eta 0ko partzialtxoa egin zuen Sammic ISBk eta 10 puntuko tartearekin amaitu zuen laurdena.
Laurden erabakigarria banakako defentsarekin hasi zuen etxeko taldeak, ez ordea kanpokoak, eta Iraurgiko taldeari kostatu egin zitzaion hasiera batean saskiratzea. 3 eta 9ko partzial arriskutsua egin zuen kanpoko taldeak eta lau puntura gerturatu zen. Hala ere, Arrutik bere gain hartu zuen taldearen pisua eta, apurka-apurka, berriro tartea zabaldu zuen. Defentsa ona eta hirukoak medio, 67 eta 57 ihes egin zuen berriro ISBk lau minuturen faltan. Hortik aurrera ondo jakin zuen etxeko taldeak tartearekin jokatzen, eta 75 eta 66 irabazi zuen.
Iker Bueno: "Urrats bat egin dugu gaur eta beste bi gelditzen zaizkigu"
Iker Bueno: "Azken hilabeteetako partidarik onena jokatu dugu gaur. Oso gustura nago. Partida osoan zehar erregularrak izan gara eta seriotasuna mantendu dugu; ziurrenik, aurkariek baino gehiago. Egia da gerturatu ere egin direla, baina taldeko jokalari garrantzitsuek, Ander Arrutik esate baterako, beraien ardura hartu dute eta momentu garrantzitsuetan saskiratu egin dute. Batzuetan sartu egiten dira, besteetan ez. Orokorrean oso gustura nago.
Beraiei esan diedan bezala, urrats bat egin dugu gaur eta beste bi gelditzen zaizkigu. Eta beste behin zaleen beroa eskertu nahiko nuke, beraiek hor egon baitira momentu guztietan guri animoak ematen.
MVP: Ander Arruti. 23 puntu sartuta, 6 errebote jasota, 2 baloi berreskuratuta eta 3 falta jasota, guztira 24 puntuko balorazioa.
Saskiratzaileak: 27-16/ 18-23/ 11-7/ 19-20.
SAMMIC ISB: Arruti (23),Mayer (16), Oroz (3), Peltier (5), Garrett (12), -hasierako bostekoan-. Zubizarreta (1), Iradier, Vaitiekünas (12),Camarasa (3), Astigarraga.
VITEN GETAFE: Smits (8), Moreno (4), Cabral (2), Spires (10), Bacale -hasierako bostekoan-. Perez, Cuellar (7), Martinez (16), Aramburu (10), Moungoro (9), Mendiola.