Espainiako azpitxapeldun geratu zen infantil mailako nesken Euskadiko selekzioa joan den igandean Zaragozan. Jokatutako partida guztietatik Kataluniako selekzioaren aurka bakarrik galdu zuten euskaldunek, eta beste behin estatuko saskibaloian hemengo marka utzi dute. Finala 61 eta 49 galdu arren, oso gustura itzuli da talde osoa.
Lortutakoa izugarria da euskal saskibaloiarentzat, baina are gehiago izan da Iraurgi Saskibaloi Klubarentzat. Zaragozan izan diren hamabi jokalaritatik lau gure klubekoak izan dira: Nerea Soraluze, Maite Merketegi, Miren Ezama eta Alaitz Ezama; eta laurek oso ondo bete dute beraien papera. Gainera, taldea zuzendu duten lau entrenatzaileak azpeitiarrak izan dira: Joseba Lizarralde, Aritz Aldalur, Luis Agirre eta Jon Campos. Eta ezin ahaztu betidanik Iraurgiko jokalari izan den eta fisioterapeuta lanetan aritu den Ainara Epelde.
Zorionak guztioi eta jarraitu lanean, hau hasiera besterik ez da izan eta!