Nahiz eta lantzen duen gaia tragikoa den, eta tamalez oraindik ere gaur egunekoa, kontatzeko moduak ikus-entzuleak ondo pasatzera gonbidatzen dituen "tragikomediazko" obra da. Arrak boterean, emakumeak zapalduta, matxismoa du gai. Hil honetan Soreasu antzokian izango dugu ikusteko aukera.
ATX Teatroaren azken lana da Arren ganbara eta emeen sotoa antzezlana eta Iñaki Ziarrusta zuzendari eta aktoreak hedabideetan adierazi izan duenez "publikoak ikuskizunaz gozatzea" espero den "tragikomedia gordina" da.
Luis Riaza madrildarraren testu batean oinarrituta dago, Ziarrusta berak egokitu eta itzulita. "Kontatzeko modu grotesko, ironiko eta jostalaria duen tragikomedia aurkituko du ikus-entzuleak. Gordina da, botereak indarrean jarraitzeko erabiltzen dituen mekanismoak azaltzen baititu, muturreko matxismoa, elizaren errepresioa eta emakumearen zapalketa ukituz", esanez laburbildu izan du gaia. Eta hori guztia islatzeko bi espazio irudikatzen ditu ATX Teatroak: "Ganbaran arrak bizi dira: boteredunak, oportunistak eta matxistak; sotoan, berriz, emea, kateatuta".
Ikuskizun "berritzailea eta ausarta" dela ere esan izan du euskal antzerkia gozagarri egiteko: "Ikusleak, aktoreak baino, marrazki bizidunak ikusiko ditu, mugitzeko, hitz egiteko eta keinuak egiteko moduagatik. Gainera, espektakulu honekin ez du aspertzeko denborarik izango".
Apirilaren 24an, ostirala, izango da ikusgai obra Soreasu antzokian, 21:30ean hasita. Sarrerak 6 eurotan eskuratu daitezke kulturgunean edo Internetez, eta egunean bertan zortzi euro ordaindu beharko dira.