Denbora

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2015ko api. 20a, 12:12

Arnasa hartuz egunak pilatzeari zahartzea deitzen diogu. Jaiotzen garenean hiltzeko atzera kontaketa hasten dela ere entzun izan dugu. Baina ez ote da zuzenagoa, baikorragoa, jaiotzeko unean bizitzeko eta gozatzeko egunen kontaketa hasten dela? Zahartzea zoriona da, zaharkitzea tragedia. Zaharkitzeari zahartrosia ere deitzen zaio, iragana beti hobea izan delakoan atzera begira bizi denak jasaten duen gaitz kronikoa, normalean 40 bat urtetik aurrera.

Gustura ari naiz zahartzen eta ez dut zaharkitzeko asmorik. Atzera sarri begiratzen dut, baina onena etortzear dela seguru nago. Denboraren makinan atzera begiratzea erraza da, bizitakoa gogoratzea besterik ez. Ariketa zaila denboraren makinan aurrera egitea da. Esaterako, nola irudikatzen duzu 30 urte barruko gure Azpeitia maitea. Ez da erraza. Mojarik geldituko ote da? Igandeko meza nork emango du? Txikiteoa tabernaz taberna ala whatsapez? Azketako iturrira oinez ala igogailuan? Uztarria, paperean ala erabat digitala? Basilikan inor ezkonduko al da? Ordurako emakumeren bat herriko alkate bai? Xubik, dena agintzeaz gain, zer kargu izango du Iraurgin? Denbora tarte horretan Aranburuk ordezkorik izango al du Realean?

Galdera ugari eta erantzun errazik ez. Tratu bat egingo dugu. 2045eko Uztarriaren apirileko alean, galdera guztiei emango diet erantzuna eta zuk irakurri. Ados? Hitza eman didazu, beraz, hutsik ez egin.

Uztarriaren apirileko zenbakian kaleratutako iritzia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide