Amona

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Saez 2015ko api. 21a, 11:51

Zuetako askorentzat amama dena, niretzat amona da. Biak edukitakoa naiz, baina amona amona, amona Dolox izan dut, bere moño eta guzti. Biloba zaharrena  izanda, ni izan naiz bere kuttunena eta bera nire AMONA, letra larriz.

95 urte ditu eta zahar-etxe batean bizi da. Ostiraletan elkartu ohi gara. Batzuetan ezagutzen nau. Azkenaldian, oroitzapenen bidez gure etxera itzultzen gara. Nire jolasak, gure txakur eta abereak, bere erroskila goxoak, Arantzazun igarotzen genituen oporrak (saiatu zen bere seme zaharrena bezala praile bidea har nezan), gure sekretuak eta abar luze bat. Ezagutzen ez nauenean, biok isil-isilik egoten gara elkarri begira. Nire bisita etxetik gertuen duen zahar-etxean izaten du.

Ostiral batzuetan, urrutira joaten naiz lagun batzuk ikustera. Azkenekoan, amona bat topatu nuen autobusean. 80 urteko amona; Joxepa, emakume jatorra, hura ere moño ederrarekin. Bere ondoan eseri nintzen eta segituan lagun egin ginen. Joxepa amonak biloba bisitatzen du. Bere biloba mattea. Duela 15 urte etxetik eraman ziotena, Arkaitz. Bere argazkiz beteta du kartera. Bidaiak iraun zuen 12 ordutan Arkaitz izan zuen hizpide. Izan zezakeen bilobarik jatorrena, zintzoena, goapoena, baina, batez ere, gehien maite duena. Bere BILOBA. Hau ere, letra larriz.

Berarekin egon den bi orduetan sentitu duena berarentzat jaso du, besarkada izugarri eta muxu latz batekin agurtu omen dira. Bueltako bidaia gogorragoa da, malkoek begiak zipriztindu dizkiote, baina egutegi bat atera eta 29 egun falta zaizkiola esan dit berriro bere biloba besarkatzeko... Joxepak bere biloba Arkaitz etxetik urrutien duen espetxean bisitatzen du.

Uztarriaren apirileko zenbakian kaleratutako iritzia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide