Noizbait hartutako erabakiek, gurutzatutako pertsonek, hartutako bideek, ekarri zaituzte gaur zarenera, eta gaur ere gintzan zabiltza, ez bihar izango zarenerako soilik, gaur ere, ezinbestean, izan bazarelako. Inguruarekiko elkarrekintzan, baina zu, zaren hori, zerorri.
Niri ere gertatu zait, mundua jateko grinez esnatu eta oheratzean munduan irentsi nauela sentiaraztea. Nik ere egiten dut amets esna nagoela, esnatu izan naiz amets gaiztoen erdian eta desio izan dut errealitatea amets gaizto bat besterik ez dela sinestea. Atzean geratu dira amets batzuk, etorri dira berriak, eta maiz, maizegi jabetu naiz hainbat ametsen absurdoaz, amets absurdorik balego bezala. Baina ez nioke amets egiteari uko egin nahi, hori ez, inoiz ez.
Ikasketak, militantzia, enplegua, kirola eta aisialdia, zerrenda nahi hainbeste luza daitekeelarik, helburutzat bere horretan, ala bestelako helburuetarako bidetzat ditugu.
Utopikoegia beharbada, baina bestelako bizi eredu batzuetan sinetsi eta ametsen dut, nahita ere ezin konformatu dena asmatuta dagoela pentsatzearekin. Estatistiketako zenbaki soilak baino gehiago gara. Hegemonia ezberdinak zalantzan jarriz, txikitasunetik asko egin dezakegu, nork berean eta elkarrekin gurean. Borroka da bidea eta bidean ere badago zer borrokatu, bidea bera borroka izaki.
Hau zuretzat, ametsetako herri horretara bidean alboan nahi zaitudalako, egunez egun bizitza amestu eta ametsak bizi nahi ditudalako, iraultza nigandik (ere) hasten delako.