Ehun urte ez dira alferrik pasa, eta Mikel ahitua dago. Baina badu zerbait Mikelek. Betaurrekoen atzeko begiek, gorputzak… zerbait diote. Eta badu Mikelek ahitua egoteko arrazoi ugari.
Mikelek senideei transmititu die bere ausardia eta indarra. Alabetako bat Begoña Garmendia da, Beizamako alkatea.
Bada norbait Mikel Garmendia. Gerra galdu zuenetakoa baita. Halere, Mikelek asko irabazi duela iruditzen zait bere bizitzan zehar. Irabazle handia dela ikusten zaio. Asko transmititu die Mikelek etxekoei. Nabari da. Bilobek abestu zizkioten bi bertso ederrek dena adierazten dute.
Pena da guztiok ez jakitea nor den Mikel Garmendia. Besteoi ere ondo etorriko zaigu Mikelen eredua ezagutzea. Eta, bide batez, jaso dezala merezi duen errekonozimendua.
Mikel Donostiako Easo kalean jaio zen, baina ordiziarra da. Mikel Garmendia Intxarkundia batailoiko gudaria izan zen. Besteak beste, Candido Sasetarekin egin zuen borrokan. 1937an Torrelavegan atxilotu zuten eta frankistek heriotzara zigortu zuten. Larrinagako kartzelako inpernua bizi izan zuen, eta heriotzaren zain hilabete luzeak igaro ondoren Burgosko ziegetara eraman zuten. Kartzeletan ezagutu zituen Jose Mari Azkarraga (Lur-gorri), Juan Ajuriagerra, Joseba Rezola, Iñaki Unzueta, Luki Artetxe eta Javier Artaza.
Heriotza zigorretik Nemesio Otaño* azkoitiarraren, jesuita eta musikari ezagunaren, bitartekotzak indultatu zuen. Valle de Los Caidos genozidaren sarraski tranpatik ihes egin zuen, herrikide baten laguntzarekin, Malagan bukatu zuen identitate faltsuarekin: Pablo Aguado izango zen urteetan. Fuentepiedran maitemindu zen eta familia osatu zuen.
Dena galdu zuen Mikel Garmendiak, lagun asko tartean, eta asko sufritu zuen. Mikelen bizitza ez da isilik gordetzeko horietakoa. Guztion aitorpena eta errekonozimendua merezi ditu.
Kafea eskatzen du Mikelek. Eta, oraindik, indar handia du eskuetan.
(*Nemesio Otaño, jesuita, frankista amorratua izan zen eta ejerzito zalea, musikaria. Ejerzitoko kantak egin zituen eta besteak beste saninazioren martxa. Erregimeneko gizona izan zen eta errepresioan kolaboratzaile handia. Baina, egiari zor Larrinagako kartzelan euskal presoen indultoa kudeatu zuen).