"Ba al dakizu Urrestillako soziedadean dagoeneko emakumeek ere badutela bazkide izateko aukera?". Horixe irakur daiteke 2015eko otsaileko Uztarria herri aldizkariaren 3. orrialdean. Izan ere, eta halako batean, joan den urtarrilean erabaki zuten Antxieta elkartean estatutuak aldatu eta emakumeek ordura arte itxita zeukaten bazkide izateko bidea irekitzea. 2015eko urtarrileko Uztarria aldizkarian ere badator horren gaineko aipamena, soziedadeen bilakaerari eskainitako erreportaje zabalaren barruan. Ba bai, "emakumeek ere" badute orain Urrestillako soziedadean bazkide eskaera egiteko aukera. Beste kontu bat da, ordea, bazkide onartuak izateko aukera berdintasuna izatea. Bazkidegaiaren sexua gorabehera, bazkideek bozketa bidez onartu behar dituzte bazkidetza eskaerak. Eta hor, momentuz, bai... baina ez.
Urrestilla, 2015eko maiatzaren lehena. Bazkideen batzarra Antxieta soziedadean. Gai-zerrendan, bi bazkidetza eskaera. Bata, hil berri den bazkide baten tokia betetzeko Urrestillako gazte batek egina, gizonezkoa bera. Bestea, estatutuak aldatu dituztenetik eskaera egin duen lehen emakumezkoarena; Urrestillako gaztea hura ere, bazkidetza utzi berri duen aitaren lekua hartzeko pronto, aitak hala proposatuta. Bi eskaerak bozkatu zituzten batzarrean: gizonezkoarena arazorik gabe onartu zuten eta emakumezkoarena atzera bota. Eta bazkide izatea eskatu duen lehen emakume horrek (eta gainerakoek) duda gutxi izateko moduan atzera bota ere, ezezkoaren gehiengo osoarekin.
Bi bazkidetza eskaera. Bi herritar. Batzar bera. Bi erantzun. Zergatik? Auskalo...
"Elkarte pribatua da, beraien araudia dute", esango dute batzuk. Eta bai, hala da, elkarte pribatua da; udaro aldameneko plaza publikoaren zati eder bat mahaiz betetzen duen elkarte pribatua. Urrestillako soziedadean pixkat ibili denak badaki, halaber, "beraien araudi" horren puntu guztiak ez dituztela zorroztasun berarekin betetzen. Soziedadeko sukaldearen sarreran bada kartel bat, aspaldi-aspalditik, bazkide ez denak sukalde hartan ezin duela sartu esaten duena. Eta lasai asko egin diote ezikusiarena kartelari eta arauari, besteak beste emakumeak bazkari-afariak prantatzera inguratzen direnean. Emakume ez-bazkideek (guztiek, alegia) libre dute arau hori ez betetzea; bazkide izatera iristeko bidea baino askoz libreago, bistan da.
Idatzitako araudi bat. Arau asko. Batzuk zorrotz errespetatu beharrekoak. Beste batzuk komenientziaren arabera, antza. Eta, dirudienez, idatzi gabeko arauak ere bai. Zergatik? Ene, auskalo...