Iritsi da Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten 28 gazteen auziaren epaia. Hasieran, auzipetu zituzten 28 gazteetatik zazpi zigortu dituzte seina urteko espetxe zigorrarekin —hamabiri karguak kentzeko eskatu zuen fiskalak epaiketan—. Epaiaren berri eman aurretik, Espainiako Polizia eta Ertzaintza gazteak atxilotzera joan dira, eta atxilo eraman dituzte Xabat Moran, Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz eta Marina Sagastizabal. Beste hiru gazteak atxilotzerik ez dute lortu. Herritarrek zigortutako gazteak babestea eragozteko, Loiolako herri harresia bezalakoak ekiditeko, epaia eman aurretik gazteak atxilotzen saiatu dira, gainera, oraingoan.
Lan politikoa egiteagatik, zazpi gazte sei urteko espetxealdira zigortuak izan dira eta hori onartezina da. Epaiketa politikoak behin betiko amaitu daitezela eskatzeko, bihar, ostirala, 19:00tan manifestazioa egingo da epaitegi aurretik abiatuta.
#28akEreLibre