Hamar konpromisotan banatutako programa aurkeztu du EAJk udal hauteskundeetarako

Uztarria.eus 2015ko mai. 8a, 12:04

Azpeitiko EAJk atzo, osteguna, aurkeztu zuen maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako landu duen programa. Aitor Gorrotxategi alkategaiak eta hautagai zerrendako kideek eman zuten hamar konpromisotan banatutako edukiaren berri, Betharrameko aretoan egin zuten ekitaldian.

Programan "alkategai izendatu nindutenetik egindako bilera eta harremanetan azpeitiarrek adierazi dizkidaten ekarpen eta lehentasunak" jaso dituztela nabarmendu zuen Gorrotxategik. Aipatutako konpromisoetako aurreneko laurak "berreskurapen ekonomikoan eta enplegua bultzatzeko lanean ardaztuak" daude, eta tartean da "Corrugados berriro abian jartzeko inbertsore bila ateratzea". Loiola "heziketa edo ikasketa gune bihurtzea" eta, era berean, "turismo gune moduan bultzatzea" ere proposatzen du EAJk. Garraio azpiegiturei dagokienez, "Bilborekin eta Gasteizekin elkartzen gaituen garraio publikoa indartzea" eta, Azkoitiarekin batera, "Urretxu alderako errepidea berritzeko proiektua berreskuratzea" nahi dute. Herriko gazteriak "bere bizi-proiektua Azpeitian" garatzea ardatz hartuta, berriz, herrigunean "lurpeko aparkalekuak jartzeko aukera eta etxebizitza sozial berrien gaia" aztertzea aurreikusten dute jeltzaleek. "Bizitzeko eta elkarbizitzarako helburua" ere barneratu dute hauteskunde programan; horren barruan, besteak beste, "elkarbizitza-eredu berri bat eraikitzea" proposatzen dute, "aniztasunaren, tolerantziaren eta askatasunaren aitorpenean oinarritua". Herriko giroaren "despolitizazioa" ere aldarrikatu dute jeltzaleek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide