Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan herriko Lehen Hezkuntzako (LH), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko ikasleek ikasturtean zeharv landu dituzten proiektuak saritzeko eguna izan zen atzo, osteguna, udaletxean. Bertako produktuen ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko ideiak landu dituzte herriko ikasleek amaitzear den 2014-2015 ikasturtean, eta horien artean aipagarrienek sariak eta aipamen bereziak jaso dituzte.
Bi kategoriatan banatuta epaitu dituzte aurkeztutako proiektuak, alde batetik LHkoenak eta bestetik DBHkoenak eta Batxilergokoenak. Bietan, hamabosna proiektu aurkeztu dituzte Ideia Onenaren sariketara.
LHkoen artean, Gure baratze horizontala eta bertikala izeneko proiektuarentzat izan da saria; Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko 1. C gelakoek (lehen argazkian) egin dute lana, eta Urdaibaira irteera bat egitea da irabazi duten saria. Kategoria honetako bi aipamen bereziak, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko 5. B gelakoen Bertako produktuekin ondo pasatzen! proiektuarentzat eta Iraurgi Ikastetxeko 4. C gelakoen Hemengo janaria jolasarentzat izan dira.
DBHkoen eta Batxilergokoen kategorian, berriz, Iraurgi Ikastetxeko DBH 4ko Inge Oiarzabal, Izaro Lizundia, Andrea Merino eta Miren Massoren (bigarren argazkian) Azpeitiko azokan zer? proiektuak irabazi du saria. Lehen aipamen berezia Baserritik autora proiektuarentzat izan da, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Araitz Unanuek, Maddi Balerdik, Amane Urdanpilletak eta June Alberdik aurkeztutakoa; eta bigarren aipamen berezia, azkenik, Iraurgi Ikastetxeko Elena Beobidek, Garazi Etxeberriak eta Amaia Lizasok aurkeztutako Erosi here proiektuarentzat.