Hauteskunde aurreko ekitaldia egin du Azpeitiko EH Bilduk

Uztarria.eus 2015ko mai. 11a, 12:17

Azpeitiko EH Bilduk hauteskunde aurreko ekitaldi politikoa egin zuen zapatuan, Frontoi Txikian. Eneko Etxeberria alkategaiak eta Estitxu Elduaien koalizioaren zerrendako bigarren hautagaiak hartu zuten hitza. Beste hainbat herritarrek ere parte hartu zuten musika, dantza eta poesia bildu zituen ekitaldian. Garazi Mugertza Deba-Urola barrutiko EH Bilduren zerrendaburua ere han izan zen. 

Azken lau urteetan koalizioak "herriarengatik eta herritarrentzako" egindako lana azpimarratu zuen Eneko Etxeberria zerrendaburuak eta udaletxea Udal izatera pasatu dela adierazi zuen, "eraikin soil bat izatetik pertsonez osatutako lekua" izatera. "EH Bilduren baloreen unea" iritsi dela esan zuen eta "aldaketen garaia" dela gaineratu. Etxeberriak berarentzat berriro alkategai izatea "ohorea" dela esan zuen eta herritarrei zuzendu zen, "batik bat, zuekin egotea da ohorea" adierazi zuen. 

Datozen lau urteetara begira, "herria eta herritarrenganako konpomisoa ardatz" izango dutela adierazi zuen Estitxu Elduaienek. "Guk sinetsi egiten dugu honetan, ez gara politika zikindu duten horiek bezalakoak; gu herritarrak gara, eta herrigintza egingo dugu" esan zuen. Elkarlanari ere egin zion erreferentzia: "Hori da gure eredua, herria zuekin egitea, denok piztu behar dugu ilusioa". 

Bestalde, gogoan izan zituzten lau urteotako zinegotziak eta eskerrak eman zizkien banan-banan Eneko Etxeberria alkategaiak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide