"Pertsonetan oinarritutako herria eraikitzen" jarraituko duela esan du EH Bilduk programaren aurkezpenean

Uztarria.eus 2015ko mai. 14a, 14:14

Azpeitiko EH Bilduk atzo, asteazkena, aurkeztu zuen maiatzaren 24ko udal hauteskundeetarako osatu duen programa, Alkartetxean. "Herritarren ekarpenekin osatutako programa" dela adierazi zuten koalizioaren zerrenda osatzen duten herritarrek: "16 batzar irekitan eta hamarnaka eta hamarnaka bilkuratan, 350 herritar baino gehiago elkartu gara. Sei ataletan banatuta, 56 neurriko programa osatu dugu. Egiari zor, oraindik ekarpenak jasotzen ari gara". 

EH Bildukoen arabera, "balore jakin batzuk zutoin dituen programa" da landu dutena: "Dinamikoa izango da, eta ekarpenetarako irekita dago. Ekintza konkretuz osatutako programa da, baina parekidetasuna, justizia soziala, bizikidetza, euskaltzaletasuna eta eleaniztasuna, elkartasuna, aniztasuna, kultur sorkuntza eta elkarlana dira zutabe nagusian". Koalizioko kideen aburuz, "herritar guztien interes orokorraren aldeko apustua" egin dute. Dena den, neurri zehatz guztiak programan sartzea "ezinezkoa" izan zaiela azaldu dute. Horrez gain, eragileek egindako "enplazamendu publikoa" bereziki baloratzen" dutela eta egindako eskaerak "kontuan hartuko" dituztela gaineratu dute. EH Bilduko kideen ustez, programaren edukia bezain garrantzitsua da programa gauzatzeko modua: "Gure apustua eta konpromisoa egiteko moduan dago, elkarlana eta estrategia dira gure erabakiak hartzeko irizpideak".

Alde batetik, ekonomia sustatzeko neurri zehatzak jaso ditu programan EH Bilduk: "Neurri zehatzekin kalitatezko enplegua sortzea da gure apustua. Tokiko garapenaren alde egingo dugu; sustapen ekonomikorako laguntzak ematen jarraitu, Enplegu Planean sakondu...". Horrez gain, eskubide sozialak bermatzeko konpromisoa dutela jakinarazi dute, eta "pertsonetan oinarritutako herria eraikitzen" jarraituko dutela azaldu dute: "Denok osatzen dugun komunitatean oinarrizko gutxienekoak ezarri behar ditugu, denok dugu-eta duintasunean bizitzeko eskubidea". "Ingurumena zaindu eta babestea" da EH Bilduren programako beste puntuetako bat, eta herriaren oinezkotzea, energia garbien aldeko apustua eta hondakinen sistema berria proposatu dituzte hurrengo agintaldirako. Horrez gain, "azpiegiturak herritarren beharretara egokitu" behar direla uste dute koalizioko kideek: "Soreasu egokitzea, akupuntura urbanistikoa, herriko sarrera hobetzea, aparkalekuak...". Programako bosgarren puntua demokrazia eta erabakitzeko eskubidearen ingurukoa da. EH Bilduk jakinarazi du, "demokrazioa oinarri izango duen gizartea" eraiki nahi duela, eta koalizioko kideen ustez, "elkarbizitzak" izan behar du agintaldi berriaren ardatza: "Edozein eskubide urraketa salatzeko konpromisoa, edozein biktimak eragindako biktimen aitortza eta errekonozimenduaren alde lan egitea eta gertatzen ari diren zein gerta daitezken eskubide urraketak salatzea dugu xede".

Programako puntu horiek guztiak gauzatzeko "elkarlana" izango da gakoa. "Arloetako mahaiak, auzoetako batzordeak eta auzo alkateak, aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesua, herri kontseilua... izango dira horren erakusle", esan dute. Horretarako, "Udaleko baliabideak herritarren esku" jartzen jarraituko dutela adierazi dute. Horrez gain, "gardentasunaren eta informazioa modu ulergarrian helaraztearen aldeko apustua" egingo dutela jakinarazi dute koalizioko kideek, eta etorkizunera begiera Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa gauzatzeko jarraitzeko konpromisoa azaldu dute.

Astelehenean banatuko du EH Bilduk Azpeitirako osatu duten programa etxez etxe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide